Gorrixen denboraldiko hirugarren garaipena, Beti Gazte taldearen aurka

Jokoa distiratsua izan ez arren, garaipena lortu zuten. /  MAIALEN A.
Jokoa distiratsua izan ez arren, garaipena lortu zuten. / MAIALEN A.

Merezi ez zuten porrota jaso zuten neskek Elorrion | Lehen taldeak kanpoan du hurrengo partida, eta neskek etxean hartuko dute Goierri Gorri taldea

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Anaitasunak denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuen, larunbatean, Beti Gazte talde nafarraren aurka 2-1eko emaitza lortuz. Gauzak zail jarri zizkion Lesakako taldeak Xabier Artetxeren taldeari. Beti Gazteren aurka hiru puntuak lortzeko egin zuen jokoa distiratsua izan ez arren, hirugarren garaipena lortu du taldeak jokatutako hirugarren partidan. Erabat atzean sartuta, kontraerasoen zain ziren Beti Gazteko bi aurrelari biziak.

Neurketa ez zen nahi bezala hasi. Anaitasunak horma gogorra ikusi baitzuen hasiera-hasieratik, eta zailtasun horri hamargarren minutuan Izagirrek bere atean egin zuen gola gehitu behar izan zitzaion. Hegaletik erdiratu zuten bisitariek baloia, eta gureek ondo defendatu ez zuten jokaldian Izagirre erdiko atzelariak bere atean egin zuen gola. Ezustean iritsi zitzaion baloia atzelariari.

Baina atsedenaldira iritsi aurretik Xabi Soraluzek banakoa egin zuen. Aldageletatik bueltan, segituan lortu zuen Ander Pastrianek Anaitasunari garaipena emango zion gola. Datorren asteburuan Elgoibarko Mintxeta zelaian jokatuko dute gorrixek. Duela bi denboraldi Hirugarren Mailara igoera lortu zuen zelaira itzuliko da Anaitasuna.

Merezi ez zuten porrota

Bestalde, merezi ez zuten porrota jaso zuten neskek Elorrion (3-2). Partida gogorra eta serioa jokatu zuten Elorriok eta Anaitasunak, Elorrioko Eleizalde Futbol Zelaian. Hasiera ona eman zion taldeak neurketari. Elorrio eta Anaitasuna pare-parean ari ziren jokatzen. Gureak indartsuago zelairatu ziren eta etxeko taldeari hiru puntuak eskuratzera joan zirela azaldu zion bi iritsiera on eginda. Taldea geldikako jokaldietan zein jokoan etxekoei min egiteko gai izan zen.

Penalti bidez hartu zuten aurrea etxekoek, baina atsedenaldira iritsi aurretik gorrixek neurketa berdintzeko gai izan ziren. Atsedenalditik bueltan, Anaitasuna ondoen ari zenean, Elorriok bi eta batekoa egin zuen eta gol horrek gure neskei gauzak asko zaildu zizkien. Halere, berehala lortu zuten binakoa egitea hamaika metrotatik. Gureen hutsegite bat bikain baliatu, azken minutuetan lortu zuen Elorrioko taldeak garaipenaren gola.

Datorren astean etxeko bigarren neurketa jokatuko dute Euskal Ligako neskek. Zapatuan 15:45etik aurrera, Goierri Gorri taldea jasoko du Anaitasunak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos