Giro ezin hobea Urrategi egunean

Zabale-Larrañaga trikitilarien erromeria./
Zabale-Larrañaga trikitilarien erromeria.

Herri kirolen jaialdia eta Zabale eta Larrañaga trikitilarien saioa izan ziren, besteak beste

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Igandean Urrategi eguna izan zen eta giro ezin hobean igaro zen Azkoitiko auzo honetako festa eguna. Goizean 11etako meza hasieran euri tanta batzuk izan ziren, baina handik aurrera giro ona nagusitu zen.

Ondoren, Agin Laburu, Loidisaletxe eta Anjel Larrañaga bertsolarien saioa ospatu zen eta jarraian herri kirolen jaialdia. Bertan proba konbinatuan Urrestilla auzoko Mikel Larrañaga eta Xabier Aranburu 'Guzta' eta Urrategi auzoko 'Txikia IV' eta 'Goenatxo III' aritu ziren.

Bazkaldu aurretik, Zabale eta Larrañaga trikitilarien saioa izan zen, eta arratsaldean Lopene eta bere abereak, ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak.

Arratsaldeko asto proban Txibilter eta Koatei izan ziren lehian, Uitte harria eta gainkargarekin 20 minutuko lana eginez. Koateik 73 plaza eta 9 metro egin zituen eta Txibilterrek 68 plaza eta 19 metro. 'Lizarri Eraikuntzak' etxeak ipinitako manta izan zen irabazlearentzat. Eguneko egitarauari bukaera emateko, Zabale eta Larrañaga trikitilarien erromeria izan zen.

Aipatu ere, urtero bezala, azkoitiar ugari igo zela Urrategi auzora bazkaria hartuta. Inguruko gerizpe eta itzaletan mahai eta aulki ugari ipini ziren egun osoaz gozatzeko asmoz. Gainera, jaiak laguntzeko zozketako zenbakia atera zen eta azaldu ere sarituak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos