Giro ederrean hasi dira aurtengo jaiak

Alkateak oroigarria eman zien bertaratu ziren zuzendariei. /
Alkateak oroigarria eman zien bertaratu ziren zuzendariei.

Txupinazoa baino lehen, Musika Bandari omenaldia egin zitzaion bere 150 urteko ibilbidean

JOAQUIN SUDUPEAZKOITIA

Festa giroa nagusi izan zen atzokoan Azkoitiko herrian eta aurtengo 'Andramaixei' hasiera alaia eman zitzaien. Txupinazoa baino lehen Azkoitiko Musika Bandari omenaldia egin zitzaion ekitaldi ireki baten udaletxean. Bertan, bere 150 urteko ibilbidea, herritik eta herriarentzat musika egin duelako aitortu zitzaion. Ondoren, txupinazoa jaurti eta bost eguneko festa ederrari hasiera eman zitzaion. Hortik aurrera, alaitasuna izan zen nagusi kaleetan zehar.

Arratsaldean, umeentzat izan zen enparantzan antolaturiko haur parkea eta 'Rockalean' musika kale ikuskizunak, musikaz hornitu zituen kaleak. Iluntzean, Udalbatzari eliza nagusira lagunduz, Txalkor Txistulari taldeak 'Alkate Soinua' jo zuen. Sagastizabalen 'Salbea' zazpi ahotsetara eta Aita Nemesio Otañoren 'Ave María' bost ahotsetara abestuko zituzten, eta, amaitzeko, Mariano Garcíaren 'Ama Birjinaren edertasun'. Bakarlariak Felix Uranga baritonoa eta Iñaki Goenaga tenorea izan ziren; organoan Jose Luis Francesena aritu zen eta zuzendari lanetan, Inazio Alberdi.

Adierazi, eliza atarian, Eusko Jaurlaritzak babestuta, gune bat jarri zela alkoholemia froga prebentiboa egiteko eta informazioa zabaltzeko.

Gaurko egitaraua

Goizeko 9:30ean Eltziegoko Dultzaineroen kalejira hasiko da eta 10:00etan Herriko Musika Banda eta Txalkor txistulari taldearen kalejiraren txanda da.

Goizeko 10:50ean, Musika Banda eta Txalkor txistulari taldeak Udalbatzari eliza nagusira lagunduz, 'Alkate soinua' joko dute.

Goizeko 11:00etan meza nagusia hasiko da eta bertan, herritarrek Miguel Mª Azpiazuren 'Pakea Lurrean' meza abestuko dute bost ahotsetara. Eskaintzan Miguel Mª Azpiazuren 'Agur Maria' lau ahotsetara, Jaunartzean Aita Nemesio Otañoren 'O Sacrum convivium' eta bukaeran, F.Gorritiren 'Agur Jesusen Ama' abestuko dituzte. Organoan, Jose Luis Francesena arituko da eta zuzendaritza lanetan, Inazio Alberdi.

Eguerdiko 12:00etan, Eltziegoko Dultzaineroek lagunduta, erraldoi eta buruhandien kalejira ibiliko da eta 13:00etan, bandak eta Txalkor txistulari taldeak kontzertua eskainiko dute Kontzejupean.

Arratsaldeko 17:00etan, pilota partidak eskainiko dira Gurea Udal pilotalekuan. Partida nagusian Irribarria-Rezusta eta Olaizola II-Albisu arituko dira eta norgehiagoka, Zarautz Hiria Txapelketako lehen finalaurrekoa izango da.

17:30ean berriz, txiki eta gazteen gozamenerako, zezen txikiak eta poniak egongo dira Trenbidearen Zumardian eta 18:30ean 'Freestyle bike show' ikuskizuna Balda plazan.

Iluntzeko 20:00etan, Azkoitiko gimnastika erritmikoko taldearen erakustaldia, Eliz atarian, eta Eltziegoko dultzaineroak.

Gaueko 22:00ean, Film Laburren Lehiaketa eskainiko da, Herriko plazan. Aurtengo IX. Andramaixetako Laburmetrai Lehiaketarako hamar taldek eman dute izena. Aurreko edizioetan ohikoak diren taldeek eman dute izena, baina aurten estreinakoz parte hartuko dutenak eta inguruko herritakoak ere izango dira.

Eguna bukatzeko, 23:45ean hasita, 'Deus Ez' taldearen kontzertua, plazan ere.

Más

Temas

Jaiak