Giro bikaina eta jendetza Elosun

Eguraldi bikaina lagun zelarik, artisauen eta bertako produktuen azoka jendetsuak ospatu ziren Elosuko feriaren bueltan. / SUDUPE
Eguraldi bikaina lagun zelarik, artisauen eta bertako produktuen azoka jendetsuak ospatu ziren Elosuko feriaren bueltan. / SUDUPE

Festaren etorkizuna bermatzeko, erakundeen laguntza eskatu zuen auzoalkateak |

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Jendetza hurbildu zen, beste behin ere, atzo Elosun ospatu zen mendi ganadu feriara.

Eguraldi bikaina lagun zelarik, Bergara eta Azkoitia bitarteko auzoan giro ezin hobean ospatu zuten jaia. Urtero bezala, Udalak, bertara joateko autobus zerbitzua jarri zuen eta aurtengoan hiru autobus txiki aritu ziren etengabeko joan etorrian.

Auzoko Elur txiki Elkarteak antolatutako feriak gero eta artisau produktu gehiago eskaintzen ditu eta hastapenetan ganaduari zuzendutako ospakizuna izan arren, gero eta abelburu gutxiago ikusi daitezke.

Auzokideen lanari esker

Auzo alkateak, Iñigo Zubeldiak azpimarratu zuenez «berriz ere, auzokideen lanari esker ospatu da feria» eta ikusirik auzoko biztanlegoa murrizten doala urtetik urtera- duela bi urte 50 pertsona bizi ziren bertan eta aurten 30 dira- dei egin zien erakundeei neurriak hartu ditzaten. «Auzoa hil zorian dago, gero eta jende gutxiago bizi gara bertan eta ezinbestekoa da neurriak hartzea mendi auzoa bizirik dirau dezan» zioen. «Auzoa eta festa honen etorkizuna bermatzeko, erakundeen laguntza eta inplikazio handiago behar dugu», adierazi zuen Iñigo Zubeldia.

Dena den, goizetik iluntzera festa izan zen nagusi, goizean artisauen eta bertako produktuen azokarekin batera, auzoko Agerre baserriko txahala dastatzeko aukera izan zen; trikitilari eta bertsolariak goiz eta arratsaldea aritu ziren eta arratsaldeko zaldi probak ere jendetza erakarri zuen.

 

Fotos

Vídeos