Gol festa handia Txerloian Anaitasuna eta Amaikak Batekin

Xabier Artetxeren mutilek goitik behera menderatu zuten Amaikak Bat taldea. /   ARGAZKIAK SUDUPE
Xabier Artetxeren mutilek goitik behera menderatu zuten Amaikak Bat taldea. / ARGAZKIAK SUDUPE

Aurkariaren aulkian eseri zen Igor Quindos Anaitasunako entrenatzaile ohia

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Xabier Artetxeren mutilek goitik behera menderatu zuten Amaikak Bat taldea, eta denboraldiko hamargarren garaipena lortu zuten. Aurkariaren aulkian eseri zen Igor Quindos Anaitasunako entrenatzaile ohia. Jokatu ziren bi zatietan launa gol egin zituzten gure mutilek. Jokoaren ekimena Anaitasunak izan zuen, eta neurketa uneoro izan zuten kontrolpean. Zaleek gozatu ederra hartu zuten.

Sortutako aukera gehienak ate barrura bidali zituzten gorrixek; hor egon zen debarren aurkako neurketa aurrera ateratzeko giltza. 12. minutuan hasi zen festa, eta luzapenera bitartean kolore guztietako hamaika gol izan ziren Txerloian.

Eskuin hegaletik Axik eta Aramendik egindako jokaldian bisitariek bidali zuten baloia euren ate barrura eta 18. minutuan, berriz, bi eta hutsekoa iritsi zen. Berriz ere eskuin hegala baliatu zuten gorrixek arriskua sortzeko, baina Axi golegileari pasea egin ziona Mikel Pastrian izan zen.

Amaikak Bat taldeak, ordea, aldea murriztea lortu zuen 28. minutuan. Debarren ateko sake batean gaizki ulertua izan zuten gure jokalariek, eta atzelarien artetik egindako pasean kanpokoen aurrelaria agertu zen Remen atezainaren aurrean. Atsedenaldia iritsi aurretik, baina, beste bi gol egiteko gai izan zen Anaitasuna. Hiru eta batekoa 39. minutuan Ander Arabaolazak egin zuen, penalti bidez eta lau eta batekoan, berriz, Mikel Arzalluz protagonista.

Bigarren zatiaren hasieran ez zen erlaxatu Anaitasuna, eta bosgarrena eginda neurketa erabakita uztea izan zuen helburu hasiera-hasieratik. 59. minutuan iritsi zen bosgarrena. Bi minutura, berriz, Amaikak Batek berriz ere bere atean egin zuen gola. Ezker hegaletik sartu ziren seigarren golaren jokaldian gorrixek.

Sei eta batekoarekin lasaiago aritu zen taldea, eta bederatzi minutuko erlaxazio unean Amaikak Bat taldeak bi gol egin zituen. Sei eta bikoa 75. minutuan egin zuten bisitariek argitasun handiz jokaldia jarraituta, eta sei eta hirukoa 84. minutuan, area ertzetik egin zuten.

Zazpigarrena Jon Letamendiak lortu zuen Julen Aramendiren oinetatik jasotako erdiraketa boleaz errematatuta. Zortzigarrena eta azkena Ander Pastrianek lortu zuen Xabi Soraluzeren falta erdiraketa bikaina buruz bigarren zutoinaren parean errematatuta.

Gol festa latza eskaini zuten Xabier Artetxeren mutilek etxean. Datorren asteburuan Hondarribian arituko dira mutilak. Azken sailkatuaren etxean arituko dira hurrengo astean, baina beti zaila den Ondartza zelaian gogotik egin beharko dute hiru puntuak batu eta lidertzari eusteko.

Neskak burua altxa ezinik

Nesken taldeak 4-1 galdu zuen Tolosaren aurka jokaturiko partiduan. Azken asteetan bezala, Tolosaren aurka ere hasi eta berehala jarri zi-tzaien neurketa aldapan gora neskei. Seigarren minuturako bi eta huts ziren markagailuan atzetik.

Lehen gola defentsan egindako huts batetik etorri zen, eta bigarrena, zelai erdian Anaitasunaren aldeko falta behar zuen jokaldi batetik. Epaileak ez zuen ezer adierazi, ordea, eta kontraerasoa etxekoek bikain baliatu zuten bigarrena egiteko.

Datorren asteburuan Pauldarrak taldea jasoko dute neskek, Txerloian. Pauldarrak sailkapeneko liderretako bat da. Defentsan talde sendoa da, sei gol baino ez baititu jaso orain arte jokatutako neurketetan.

 

Fotos

Vídeos