Familia barruko komunikazioa izango dute hizpide Guraso Eskolan

AZKOITIA.

Gurasoei ezagutaraztea familia barruko komunikazioaren garrantzia eta jarraibideak ematea hori hobetzeko. Horixe da Udaleko Gizarte Zerbitzuen eskutik azaroaren 7an abiatuko diren Guraso Eskolako saio berrien helburua.

Adikzioak edota bullyinga eta ziber jazarpenaren prebentzioa landu izan dira aurreko edizioetan eta oraingoan komunikazioan sakonduko dute. Saioetan komunikazioak zer nolako eragina duen harremanetan azalduko da eta modu egokian gauzatzeko estrategiak eta baliabideak landuko dira, gurasoei orientabide gisa lagungarriak suertatuko zaizkienak, hain zuzen.

Guztira sei saio eskainiko dira. Hitzorduak azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an eta abenduaren 5ean eta 12an izango dira. Taldea Elkarguneak elkartuko da eta saioak 15:15etik 16:45era izango dira. Ordutegia umeen eskola orduak kontutan hartuta zehaztu da.

Parte hartu nahi duen orok Udaleko Gizarte Zerbitzuetan eman beharko du izena eta edozein zalantza argitzeko 943 85 71 74 telefono zenbakira deitu daiteke. Izena emateko azken eguna azaroak 7 da. Saioak doakoak dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos