Euskal Ligako neskek Pauldarrak liderra 2-1 menderatu zuten Txerloian

Neskek azken asteetako bolada txarra agurtu zuten. /  SUDUPE
Neskek azken asteetako bolada txarra agurtu zuten. / SUDUPE

Bere aldetik, mutilek Hondarribian sei gol eginda lidertza sendotu dute

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Larunbata arratsaldean, Euskal Ligako neskek Pauldarrak liderra menderatu zuten (2-1) bigarren zatian Maider Badiolak eta Irantzu Albizurik egindako golekin.

Neurketa gogorra eta intentsitate handikoa jokatu zuten gorrixek sailkapeneko liderraren aurka. Lehen zatian bisitariek izan zuten jokoaren ekimena, baina bigarrenean neskek duten balioa erakutsi zuten eta liderra menderatzeko gai izan ziren. Euskal Ligako neskek azken asteetako bolada txarra agurtu zuten izan zitekeen modurik hoberenean. Txerloian aritu zen Gorka Zubizarretak gidatzen duen taldea, maiatzean Euskal Ligara igoera lortu zuen plaza berean, eta ez zuten hutsik egin gorrixek.

Hasi eta berehala izan zuten Maider Badiolaren eskutik bat eta hutsekoa egiteko aukera ederra, baina gerora Pauldarrak taldeak izan zituen abagune onenak. Miren Odriozola atezainak lan bikaina egin zuen atepean, eta bisitarien gol aukera garbiak ekidin zituen.

Denboraldiko hirugarren garaipena, beraz, Gorka Zubizarreta entrenatzailearen taldeak lortutakoa. Sei jardunaldi lehorren ondoren -hiru berdinketa eta hiru porrot-, beharrezkoa zuten garaipena eskuratu zuten neskek liderraren aurka. Datorren asteburuan ere etxean arituko dira Euskal Ligako neskak. Barakaldo hartuko dute igandean, 15:30ean.

Mutilak golaren bidetik

Bestalde, mutilek golaren bidetik jarraitzen dute eta Hondarribian sei gol eginda lidertza sendotu dute.

Aurkarien hutsei etekina atera zieten mutilek eta aise irabazi zuten Hondarribiako Ondartza zelaian. Lehen zatiaren amaierarako erabakita utzi zuten gorrixek partida, Amaikak Bat taldearen aurka Txerloian egin bezala, Ondartzan ere lau gol egin zituzten atsedenaldiaren aurretik. Eibarren berdinketak eta Tolosaren porrotak lidertza sendo-tzeko aukera eman zieten mutilei.

Neurketa serioa eta eraginkorra egin zuen taldeak Hondarribian.

Sailkapenari begiratu gabe, neurketa ahalik eta onena egiteko asmoz zelairatu zen taldea Ondartza zelaian, eta Beñat Landak bigarren minutuan lortu zuen golak gauzak asko erraztu zizkion Anaitasunari.

Datorren asteburuan Txerloian arituko dira mutilak, Bergararen aurka. Igandean jokatuko dute Mikel Juaristi azkoitiarrak zuzentzen duen taldearen aurka.

 

Fotos

Vídeos