Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolari txapelketaren finala igandean, Gurean
Azkoitiko pilotalekuak egungo sei kirolari onenen arteko lehia hartuko du, 12:00etan. Lehiatilak bi ordu lehenago zabalduko dira
Azkoitiko Gurea pilotalekua aizkoraren gune bihurtuko da igande honetan, bertan jokatuko baita, 12:00etan hasita, Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolari Txapelketa. Sei aizkolari izango dira lehian eta Iker Vicente , egungo txapelduna gainditzea da Hodei Ezpeletak, Julen Alberdi 'Txikia IV.ak' , Mikel Larrañagak, Xabier Zalduak eta Julen Gabirondok duten erronka nagusia, nafarra baita zerrenda guztietan faborito nagusia. Hala azaldu zuten protagonistek astearte iluntzean Elkarguneko Oteiza aretoan egindako agerraldian Azkoitiko alkate Ana Azkoitiarekin eta Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko presidente Igor Duñabeitiarekin batera.
Aizkolariek egin beharreko lana ez da nolanahikoa izango. 12 enbor moztu beharko dituzte, hala nola, 4 kanaerdiko, 4 60 ontzako eta 4 oinbiko. Lanak aurrena betetzen dituenak jantziko du 2025eko txapel preziatua.
Iazkoa Vicenteren eskuetan dago eta igandekoa izango da «urteko hitzordurik garrantzitsuena» Otsagabiako txapeldunarentzat. Aizkolari nafarrak «beste txapel bat» irabazteko nahia azaldu du baina «lehia gogorra» izango dela dio.
Protagonisten artean eta Vicenteri aurre egiteko moduan da Julen Alberdi azkoitiarra. Tantobat du bere alde: herrian jokatzen du eta horrek agian bultzada bat eman dezaioke. Azkoitiarrak ez dagoela punturik onenean adierazi zuen aurkezpenean baina «entrenamenduekin gustura» geratu dela ere nabarmendu zuen.
Mikel Larrañaga azpeitiarrak ere «lan txukuna» egitea du helburu. Hala ere, aurreratu zuenez, «%70ean nago». Beraz, ez dator sasoi onenean azpeitiarra lehia honetara baina bere maila emanez gero, kontuan hartu beharreko arerioa izango du Vicentek.
Sarrerak
Igandeko finalera gerturatu nahi dutenek, sarrerak Gurea frontoian bertan eskuratu ahal izango dituzte jaialdia hasi baino bi ordu lehenagotik. 10:00etan zabalduko dute lehiatila. 40 euroan salduko dituzte sarrerak.
Azkoitian delako, «pozik»
Ana Azkoitia alkatea «pozik» agertu zen protagonisten alboan Euskal Herriko Aizkolarien final nagusia Azkoitian delako. «Frontoi ederra da Gurea, eta Azkoitia pilotarien sehaska dela esaten bada ere, ari gara frontoiari bestelako erabilpen bat ematen. Uste dut herri kirolek ere merezi dutela, eta nola ez, tartean, aizkorak. Sei aizkolari onenak Azkoitian ikusteko aukera izango da, eta zorterik onena opa dizuet denoi. Lanik onena egiten duenak irabaz dezala esku artean dudan txapel hau», esan zuen.
Gonbidatu bereziak
Bai astearteko aurkezpenak eta baita igandeko finalak ere gonbidatu bereziak ditu. Izan ere, Stihl Timbersports nazioarteko aizkolarien txapelketan parte hartu ohi duten hainbat aizkolari australiar -tartean Lawrence O'Toole- Euskal Herrian da egunotan eta ez dute nahi igandeko ikuskizuna galtzerik.
Melbourneko aizkolariak Tolosan jokatutako 'Aizkolari Azkarrena' Munduko Aizkolari finala irabazi zuen 2016an. Orduan, Iker Vicenteren eta Aitzol Atutxaren aurretik geratu zen O'Toole australiarra.