Esku Bidez taldeak 7.281 euro bildu ditu, Mediterraneoan laguntza emateko

Gobernuz kanpoko Azkoitiko taldekoa, prentsaurrekoan. / MAXIXATZEN
Gobernuz kanpoko Azkoitiko taldekoa, prentsaurrekoan. / MAXIXATZEN

Gobernuz kanpoko Azkoitiko taldea zazpi gurasok berriki sortu dute

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Esku Bidez Gobernuz kanpoko Azkoitiko taldea berriki sortu da Mediterraneoan emigranteek bizi duten egoeraren inguruan sentsibilizazio lana egiteko. «Zazpi guraso bildu ginen herriari jakinarazteko pertsona pila sufritzen dagoela», azaldu dute.

Taldeak herritarrei eskerrak eman dizkie, joan den azaroaren 9an eta 10ean antolatu zituzten ekintzetan jasotako erantzunagatik. «Zeharo harritu gaitu jendearen harrerak, eta horrek erantzutera bultzatu gaitu», azaldu zuten ostiral arratsaldean emandako prentsaurrekoan.

«Orain dela hilabete batzuk hemen gaudenok elkartzen hasi ginenean, argi geneukan bidegabekeriak eta zentzugabekeriak sufriarazten, baztertzen eta hiltzen uzten dituen pertsonak laguntzeko zerbait egin nahi genuela», adierazi zuten.

«Ez genekien nola, baina denborak eta Salvamento Marítimo Humanitario elkartearekin izandako harremanak lagundu digute gure egiteari forma ematen hastapenetan. Esku Bidez-en funtsa, berez, ez da hainbeste gauzak eta ekintzak egitea, baizik eta zenbait egoeren aurrean, jendea gogoetara bultzatu eta sentsibilizatu. Barneratuta daukagu okerren dauden pertsonen egoera guztion ardura ere badela. Eta, horren aurrean, beste guztion laguntza eta patu hori aldatzeko ahalegina konponbidea izan daitezke», azpimarratu zuten.

7.281,26 euro

Prestatutako ekintzak aurrera emateak 6.298 euroko gastu izan du eta diru sarrera 13.579 eurokoa izan da. Horrela, 7.281 euro bildu dituzte Salvamento Marítimo Humanitario elkarteari emateko, Aita Mari itsasontziaren proiektuan laguntzeko.

Prentsaurrekoan, hainbat denda, enpresa eta entitateen laguntza aipatu zuten eta emaitza ikusita, garbi ikusten dute talde bezala jarraitu nahi dutela. «Gure helburuak zehaztu behar ditugu, beti giza eskubideen inguruan. Bizi izandakoaren ondoren, lehenesten dugu errefuxiatuen gaia, hala ere, ez ditugu baztertzen behar berezia edo premia duten beste arlo batzuetako egoerak. Hori bai, ekintza horietan, gertuko elkarte eta erakundeekin ikusten dugu gure burua elkarlanean», esan zuten.

 

Fotos

Vídeos