Azkoitia
'Gu ere Bertsotan' proiektuarekin ikasitakoa oholtzara eraman duteDatorren ikasturtetik aurrera, LH5eko gaztetxoek ere aukera izango dute egitasmoan parte hartzeko
Floreaga Ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako eta Bizilore Eskola Aktiboa zentroko LH6ko ikasleak Baztartxo Antzokiko oholtzara igo ziren ostegunean, ikasturtean zehar bertsotan ikasitakoa erakustera. 'Gu ere bertsotan' egitasmoan hartu dute parte, Irati Artetxeren eskutik, eta ikasturte amaierako jaialdia egin zuten atzo.
Gaztetxoekin batera, kantuan aritu ziren bertsolari-gonbidatu gisa Eneritz Artetxe eta Eneko Beretxinaga.
'Gu ere bertsotan' Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Gipuzkoako Bertsozaleen Elkarteak elkarlanean daramaten proiektua da 2008-2009 ikasturtetik hona. Ikuspegi pedagogiko batetik, nagusiki lau arlo lantzen dira: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak eta sozialak.
Ahozkotasunaren garrantzia ikusita, aurten Udalak 'Gu ere bertsotan' egitasmoa zabaltzea erabaki du. Orain arte, LH6ko ikasleek jasotzen zituzten bertso-eskolak, eta datorren ikasturtetik aurrera, LH5eko gaztetxoek ere aukera bera izango dute.
Ikasturte honetan zortzi talde osatu dira: Bost, Xabier Munibe Ikastolan; bi, Floreaga Ikastetxean, eta bat, Bizilore Eskola Aktiboan. Guztira 160 ikaslek hartu dute parte.
Bertsozale elkartetik, Mikel Artola koordinatzaileak ekimenaz balorazio positiboa egiten du. «Datorren ikasturtean, gainera, beste maila batean ere emango da bertsolaritza, eta gainera proba pilotu bat egingo dugu lehen hezkuntza osoan bertsolaritza eta ahozkotasuna lantzeko aukerak aztertzeko. Azken ikasturte honetan, gainera, Eneritz Artetxe Gipuzkoako txapelketako finalera iristeak mesede egin digula uste dut, erreferente garrantzitsua dutelako. Azkoitian bertso-eskolak ere badira hezkuntza araututik kanpo, eta azken ikasturte hauetan aski gustura gaude bertan bertsolaritzaren transmisiorako egiten ari diren lanarekin. Aurrera egiteko gogotsu, beraz!», adierazi du.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.