Diru publikoaren erabilera «desegoki eta partidista» egotzi dio oposizioak EAJri

EH Bildu eta Azkoitia Baiko zinegotziak prentsaurrekoan. / SUDUPE
EH Bildu eta Azkoitia Baiko zinegotziak prentsaurrekoan. / SUDUPE

Interes orokorraren gainetik, alderdiaren interesak jartzen ari direla ere leporatu zioten PNV taldeari

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

EH Bildu eta Azkoitia Bai Udal taldeetako zinegotziek prentsaurrekoa eman zuten atzo arratsaldean udaletxean.

Bertan, udal gobernuak atera berri duen 'Kontuak ematen' aldizkaria kritikatu zuten, «diru publikoaren erabilera desegoki eta partidista» egotziz.

EH Bildu eta Azkoitia Bai Udal taldeetako zinegotziek esan zutenez, herriko etxeetan jaso den ' Kontuak Ematen' deituriko aldizkariaz gain, herrian laster «ikusiko ditugu totem informatibo batzuk».

Aldizkaria eta totem informatiboak direla eta, EH Bildu eta Azkoitia Bai Udal Taldeetatik gogor salatu nahi izan zuten «PNVren udal gobernua egiten ari den diru publikoaren erabilera desegoki eta partidista». Zinegotziek Adierazi zutenez, «azkoitiar guztion 12.800 euro xahutu ditu Javier Zubizarretaren Gobernuak PNVren hauteskunde kanpaina martxan jartzeko, eta hau oso larria dela deritzogu».

Interes orokorraren gainetik alderdiaren interesak jartzen ari direla ere leporatu zioten PNVri eta, «gainera, oposizioari ezkutatuz» egin dutela azpimarratu zuten.

Informaziorik eman gabe

«Aldizkari hori oposizioari inolako informaziorik eman gabe osatu eta sortu da eta ez zaio bertan parte hartzeko aukerarik eman. Informazioa eskatutakoan gainera, trabak jarri zaizkigu» esan zuten EH Bildu eta Azkoitia Bai taldeetakoek.

Prentsaurrekoan esan zutenez, «azken egunotan irakurri dugun bezala, PSE ere bat dator gurekin. Beraz, Udaleko oposizio guztiaren kritika du aldizkari horrek».

Zubizarreta alkateari eta bere gobernu ekipoari gogorarazi nahi izan zioten, «ez duela bozkatzaile jeltzaleentzat bakarrik gobernatu behar. Azkoitiar guztiontzat gobernatu beharra dauka, alderdikeria alde batera utziz».

Bukatzeko, esan zuten ondo deritzotela alderdi bakoitzak bere intereserako herritarrekin nahi duen moduan komunikatzea, «baina alderdiak ordaindu dezala, eta ez dezatela hori udal aldizkari bezala makilatu».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos