Beroa protagonista Duatloi herrikoian

Zialtzeta izan zen garaile; bigarren, Aranguren herritarra; eta, hirugarren, Ugarte. Emakumeetan Mari Carmen Seijas izan zen nagusi.
/
Zialtzeta izan zen garaile; bigarren, Aranguren herritarra; eta, hirugarren, Ugarte. Emakumeetan Mari Carmen Seijas izan zen nagusi.

40 bat lagunek hartu zuten parte atzoko lehian, horietatik lau emakumeak ziren

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Beroa izan zen nagusi eta protagonista atzo arratsaldean Azkoitiko kaleetan zehar buruturiko Duatloi herrikoian. Azkoitiko Triatloi Taldeak antolatuta, arratsaldeko 18:10ean hasi zen Azkoitiko V. Duatloi Herrikoia. Parte-hartzaile kopurua ez zen oso handia izan, 40 bat lagunek hartu zuten parte lehian, horietatik lau emakumeak ziren.

Ibilbidea SuperSprint distantziakoa zen eta espero baino denbora gutxiago behar izan zuten lasterkariek froga bukatzeko. Lehendabizi, 2km korrika egin zituzten herri barruan; gero, 5,2 bizikletan; eta, azkenik, 1km korrika herri barruan egiteko, 20 minutu eskas behar izan zituzten.

Plaza Berrin

Irteera eta helmuga plaza Berrin izan ziren eta boxesak, aldiz, Balda plazan. Lehen sailkatua, Unai Zialtzeta azpeitiarra izan zen, bigarren postuan Koldo Aranguren herritarra eta, hirugarren, Mikel Ugarte azpeitiarra.

Emakumeei dagokionez, Mari Carmen Seijas aritu zen nagusi froga guztian. Kategoria guztietako lehendabizikoentzat garaikurra egon zen eta, baita ere, lehenengo azkoitiarrentzat ere bai.