Azkoitiko Korrika batzordeak koreografia lehiaketa ipini du martxan

2017an, Korrika jendetsua ospatu zuten herriko ikastetxeak. /  SUDUPE
2017an, Korrika jendetsua ospatu zuten herriko ikastetxeak. / SUDUPE

Koreografia librea izango da, eta Korrikaren abesti bat aukeratu eta bideoan grabatu behar da martxoaren 22rako

JOAQUIN SUDUPE

21. Korrika apirilaren 12an, ostirala, iritsiko da Azkoitira eta euskararen aldeko ekimena goizeko 08:59 inguruan sartuko da herrira. Aurtengo edizioa, Klika lemarekin abiatuko da eta festa horren harira, Azkoitian ere hazi dira antolakuntza lanak.

Azkoitiko Korrika batzordeak koreografia lehiaketa ipini du martxan. Korrikaren abesti bat aukeratu, koreografia bat sortu bideoan grabatu eta martxoaren 22a baino lehen bidali beharko Azkoitiko AEKra parte hartu nahi dutenek. Otsailaren 15a baino lehen eman beharko da izena, lehiaketan parte hartzeko.

Izen-emateak

Apiralaren 12an, goizeko 8:59ak aldera, iritsiko da euskararen aldeko ekimena

Hauek dira koreografia lehiaketako oinarriak: edonork parte hark dezake, ez dago adin tarterik zehaztuta. Baina, adin txikikoen kasuan gurasoen baimen orria sinatuta atxiki beharko dute, bideoak publiko egingo baitira. Dokumentu hori, izena emateko tokietan eskuratu ahal izango da.

Koreografia librea izango da, baina abestiak aurreko edizioetatik 21. Korrikara artekoa izan beharko du. Izena emateko epea otsailaren 1etik 15era izango da.

Honako leku hauetan eman daiteke: AEKren bulegoan, azkoitia@aek.eus edo 607 612 697 telefono zenbakian, Floreaga Salestar Ikastetxean, Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan, Azkoitia BHIn, Gazte Zerbitzu Bulegoan, Alai Batzan eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan

Koreografiak bideoan grabatu eta MP4 formatuan, martxoaren 22rako, azkoitia@aek.eus helbidera bidali beharko dira. Ondoren, martxoaren 25ean Azkoitiko AEKren Facebookeko orrialdean eta Maxixatzenen webgunean argitaratuko dira.

Epaimahaikideak Korrika batzordeko kideak izango dira, eta martxoaren 27an bost koreografia onenak aukeratuko dituzte.

Originaltasuna eta karakterizazioa (jantziak, eszenako elementuak...) baloratuko dituzte. Bost bideo horiek martxoaren 29an Elkargunean ikusiko dira, eta publikoak aukeratuko du horietatik zein den onena. Saria egongo da irabazleentzat.