«Azkoitia oso zonalde euskalduna da eta ikusten da euskara bizi-bizi dagoela»

DV AZKOITIA.

«Guk kalean entzuten denaren erradiografia egiten dugu, baina zuzenean inori ezer ez diogu galdetzen. Ez da populazioaren aitortza beste metodologia batzuetan egiten dena bezala, alegia, galdeketa bat. Ibilbideak ezarri eta modu anonimoan gure neurtzaileek kalean zer entzuten den jasotzen dute, hizkuntza, adin-taldea eta emakumezkoa edo gizonezkoa den», azaldu zuen Soziolinguistika Klusterreko Naroa Olaldek.

Teknikariaren arabera, azterketaren fidagarritasuna estatistikoki «oso handia da». Hizkuntzen kale erabilerari erreparatuz, esan bezala, euskararen erabilera %68,9koa da; gaztelaniarena %26,5 eta beste hizkuntza batena, %4,6. Olaldek uste du igoera «esanguratsua» dela.

«Gehien erabiltzen dutenak gazteak dira. Albiste ona da zeren askotan haurretatik gazteetara jauzi egitarakoan erabilera jaitsi egiten da» zioen. Haurrak bakarrik daudenean ere modu naturalean, %84,4ean, euskaraz aritzen dira azterlanaren arabera. Helduek ere haurrak tartean badaude gehiago erabiltzen dute euskara.

Bere aldetik, Marijose Arregi zinegotziak emaitzengatik herritarrak eta Euskara Mahaia zoriontzeaz gain, Euskaraldian parte hartzera animatzeko eskatu zuen. «Izena eman besterik ez dago. www.euskaraldia.eus webgunean segundu gutxitan eman daiteke izena».

 

Fotos

Vídeos