Atano III. buruz buruko pilota txapelketak ireki du izen-emate epea

Galtza zuriekin jokatu beharko dituzte partida guztiak. /  SUDUPE
Galtza zuriekin jokatu beharko dituzte partida guztiak. / SUDUPE

Bestalde, gaur eta bihar, Udaberri Txapelketako bi partida jokatuko dira Gurean

AZKOITIA.

XLV. Atano III. buruz buruko pilota txapelketak ireki du izen-ematea eta aurtengo edizioak berrikuntzak dakartza. Aurten galtza zuriekin jokatu beharko dituzte partida guztiak pilotari gazteek.

8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek izango dute parte hartzeko aukera. Gurea pilotalekuan jokatuko dira partidak pilota goxoarekin eta urtarrilaren 25a izango da izena emateko azken eguna.

Gurea pilotalekuan edo whatsapp bidez 667 503 918 zenbakian eman beharko da izena. Txapelketako pilota partidak astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan jokatuko dituzte.

«Haurrak pilotako janzkerarekin ohitu eta trebatu nahi ditugu, eta bide batez, galtza zuriak janzteko beldurra kendu nahi diegu», azaldu dute Oteiza Pilota Elkarteko kideek. «Haurrentzat motibagarria izango dela uste dugu», gaineratu dute.

Hernaniren aurka

Pilotarekin jarraituz, gaur eta bihar, Gurea pilotalekuan, Udaberri Txapelketako bi partida jokatuko dituzte azkoitiarrak. Lehena gaur 21:00etan, nagusien lehen mailan, Oteiza eta Zendoia bikotea Hernaniren aurka arituko dira.

Bigaren partida bihar 11:00etan izango da. Bertan, gomazko pilotan, bigarren mailako mutil nagusiak arituko dira: Larrañaga eta Zabaleta Batzokiko taldearen aurka.