Asteburuan zehar ospatuko dira Urrategi auzoko festak

Astoen arteko dema saioa igande arratsaldean izango da. / IBON
Astoen arteko dema saioa igande arratsaldean izango da. / IBON

Gaur Mus txapelketa azkarra auzoko elkartean eta igandean egun handia izango dute

JOAQUIN SUDUPEAZKOITIA.

Asteburu honetan ospatuko dira Urrategi auzoko festa eta igandeko egun handia.

Gaur dute Mus txapelketa azkarra auzoko elkartean. Gaueko 22:00etan ekingo diote eta izen ematea bertan egingo da txapelketa hasi aurretik. Bikoteko 20€ ordaindu behar dira; 4 erregetara, 4 ustel eta 4 hamarrekotara jokatuko da. Jarri dituzten sariak ondorengoak dira: lehen bikotearentzat, txapelak gehi 300 euro eta oparia. Bigarrenarentzat, 150 euro gehi oparia. Hirugarren bikoteak Isidro erretegian 2 lagunentzako afaria izango du gehi oparia eta laugarrenak, 2 oilasko eta oparia

Igandea da egun handia

Igandea da egun handia Urrategi auzoan eta ospatzeko ondorengo egitaraua antolatu dute.

Goizeko 9:00etan meza eta 11:00 meza Nagusia. Eguerdiko 12:00etan, Agin Laburu eta Iker Zubeldia bertsolarien saioa eta 12:30ean Herri Kirolak. Bertan proba konbinatua izango dute; Urrestilla auzoko Mikel Larrañaga eta Xabier Aranburu 'Guzta' eta bestalde, Urrategi auzoko 'Txikia IV' eta 'Goenatxo III'. Ondoren, 13:30ean Zabale eta Larrañaga trikitilarien saioa.

Arratsaldean, 16:30ean, Lopene eta bere abereak, ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak. 18:00etan 'Izer Etxetxo', 'Koatei' eta 'Txibilter'ko astoen arteko dema saioak. Irabazlearentzat, 'Lizarri Eraikuntzak' etxeak ipinitako manta izango da. Ondoren Zabale eta Larrañaga trikitilarien erromeria.

Elizkizunak

Urrategiko Amaren egunaren bueltako elizkizunak ondorengoak dira. Bihar larunbata, gaueko 21:00etan, Gau Gurtza Urrategin eta ordu-erdi lehenago (20:30ean) autobusa egongo da Urquijo kaletik (Eroski-txiki aurrean).

Igandean, Urrategin goizeko mezak izango dira 09:00 eta 11:00etan, azkenengo hau Meza nagusia izango delarik. Igandean Parrokian 10:00etako meza izango da bakarrik erderaz. Arratsaldeko 19:30ean, Parrokian Urrategiko Amari Agurra abestuko da, bere egunari bukaera emanez.

Parrokiatik, dei berezia egiten zaie kristau familia gaztei eta beren seme-alabei parte hartzera «gure hurrengo belaunaldiak ere barneratu ditzaten Azkoitiko herriak eta kristau elkarteak dituzten ohitura onak» adierazi dute.