Asteburu txarra izan zen gorrixen talde buru bientzat

Ez zen Anaitasunaren egunik onena izan eta mutilak euren talde jokotik urrun izan ziren. /  MAIALEN A.
Ez zen Anaitasunaren egunik onena izan eta mutilak euren talde jokotik urrun izan ziren. / MAIALEN A.

Kanpoan jokaturiko partidetan, mutilek 3-1 galdu zuten eta neskek 6-2 | Eibarrekin puntuz berdinduta badaude ere, lehen postua galdu dute gorrixek eibartarren alde

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Mutilek neurketa kaskarra burutu zuten joan den zapatuan, Oiartzungo Karla Lekuonan 3-1 galduz eta, Eibarrekin puntuz berdinduta badaude ere, lehen postua galdu dute gorrixek.

Ez zen Anaitasunaren egunik onena izan. Mutilak euren talde jokotik urrun izan ziren, eta Oiartzunek neurketaren irakurketa ondo eginda, hiru puntuak etxean gelditzea lortu zuen. Atsedenaldira banako emaitzarekin iritsi zen neurketa, baina minutu gutxian erabakita utzi zuen bigarrenaren hasieran. Azken hamabost minutuak soilik eskuratu zituen Anaitasunak, eta gol aukera bat edo beste izan bazuen ere, erreakzionatzeko denborarik gabe gelditu zen taldea. Baloia Anaitasunarena izan zen zapatuan Karla Lekuona zelaian, baina ez zion etekinik atera. Behin baino gehiagotan lortu zuen taldeak aurkariaren lehen presioa lerroa gainditzea, baina abiadura motelean aritu ziren gorrixek, eta ezin izan zituzten aurkariak ezustean harrapatu.

Bost asteko garaipenaren boladak Oiartzungo Karla Lekuonan izan zuen helmuga. Berriz ere bolada ona aurkitzeko ordua iritsi zaio taldeari. Denboraldia amaitzeko zortzi jardunaldi falta dira, lau etxean eta beste hainbeste etxetik kanpo. Lehena jaitsiera postuetan den Deusto Donostia taldearen aurkakoa izango da. Mutilek igandean jokatuko dute, 17:00etan eta neurketa 21. Korrikaren aldekoa izango da.

Neskek era galdu egin zuten

Bestalde, neskek ere galdu egin zuten aste buruan 6-2 Arratiaren aurka. Lehen zatian nagusi izan zen Anaitasuna, baina bigarren zatiaren amaieran neurketa puskatzea lortu zuten bizkaitarrek. Anaitasunak gertu izan zuen balentria igandean, Arratia bigarren sailkatuaren etxean. Lehen zatian taldea eraginkorragoa izan zen eta Arratiari bi gol baino gehiago egiteko aukera garbiak izan zituzten. Atsedenalditik bueltan, ordea, esnatu egin zen etxeko taldea, eta azken minutuetan aukerarik gabe utzi zuen Anaitasuna.

Nahiz eta markagailuko aldea handiegia izan, taldea gustura egoteko arrazoiekin dago. Lehen zatian ligako talde onenetako bat estu eta larri, arazoetan, sartu zuen. Datorren asteburuan, etxean aritu dira gure neskak eta ez dute aurkari makala izango.

Denboraldi guztian neurketa bakarra galdu duen Tolosa txapelketako liderra jasoko dute zapatuan San Juanen, 15:30ean.