Anaitasunaren talde buru biek irabazi egin zuten

Asier Ugarte jaurtiketa egiten Mondragonen zelaian. /  MAIALEN A.
Asier Ugarte jaurtiketa egiten Mondragonen zelaian. / MAIALEN A.

Kanpoan zituzten neurketak, eta Ohorezko mutilak 0-2 gailendu ziren Arrasaten eta neskak 1-2 Oiartzunen

JOAQUIN SUDUPE

Berriz ere, Anaitasunaren talde buru biek irabazi egin zuten aste buruan. Ohorezko mutilak 0-2 gailendu ziren Mondragonen eta neskak 1-2 Oiartzunen.

Mutilek azken minutuetan birritan zulatu zuten Mondragonen atea. Mikel Pastrian eta Asier Ugarte izan ziren hiru puntuak etxera ekartzeko arduradunak. Ondo landutako garaipena lortu zuen Anaitasunak Mojategin. Arrasateren planteamenduak harritu egin zituen gureak, defentsiboa izan baitzen.

Bere zelaian sartu ziren hasieratik arrasatearrak, eta lerroak zeharo elkartuta aurkitu zituzten gureek. Lehen zatian abiadura eta erritmoa falta izan zituen taldearen jokoak, baina bigarren zatian hobera egin zuten gorrixek eta azken minutuetan lortu zituzten garaipenaren bi golak.

Mondragonek lerroak elkartuta egin zuen lan Anaitasunaren aurka. Euren zelaian sartu ziren lehen minututik Anaitasunari espazioak ixteko helburuarekin. Baloia berreskuratu eta hegaletatik kontraerasoan irteteko asmoa erakutsi zuten, gainera. Anaitasuna adi egon zen defentsa lanean, eta etxekoek ez zuten aukera garbirik izan.

Bosgarren garaipena

Neskek bosgarren garaipena lortu dute jarraian. Partida ona burutu ez arren, sufrituta hiru puntu lortzeko gai izan ziren gorrixak, Oiartzunen. Ez dute bolada ona eteterik nahi Euskal Ligako neskek. Oiartzunen aurka balio handiko beste garaipen bat lortu zuen Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak.

Lehen zatian baloi gehiago izan zuen Anaitasunak, baina atsedenaldira banako emaitzarekin iritsi zen neurketa. Bigarren zatian oiartzuarrak nagusitu ziren berdegunean. Anaitasuna uneoro bere zelaian sartuta izan zuen etxeko taldeak. Ainhoa Galarragaren golak, ordea, garaipena eman zion taldeari. Bost dira Euskal Ligako neskek jarraian lortutako garaipenak. Datorren asteburuan, sailkapenean zazpi puntu atzetik duten Hernani jasoko dute San Juanen igandean 17:00etan.