Anaitasunak merezitako garaipena lortu zuen

Talde arteko neurketa gogorra eta lehiatua izan zen. /  MAIALEN
Talde arteko neurketa gogorra eta lehiatua izan zen. / MAIALEN

90 minutu serio egin zituen Añorgako Rezola zelaian, denboraldiko bigarren garaipena lortuz

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Anaitasunak merezitako garaipena lortu zuen Añorgako Rezola zelaian. Hasiera-hasieratik serio eta zuzen aritu ziren Xabier Artetxeren mutilak, eta lan eskergak denboraldiko bigarren garaipena lortzeko balio izan die gorrixei. Ion Izagirrek lehen zatian eta Jon Letamendiak bigarrenean egin zituzten Anaitasunaren aldeko golak. Añorgak, berriz, luzapeneko azken hatsean lortu zuen bat eta bikoaren gola. Beste ezertarako betarik ez zen izan Rezolan.

Aukera gutxiko neurketa izan zen, eta Anaitasunak izan zituenak bikain baliatu zituen Rezolako zelai txikitik hiru puntuak Azkoitira ekartzeko. 19. minutuan izan zuen aurrena talde gorrixek. Eskuin hegaletik Aitor Diezek min egin zuen aurkariaren zelaia zapaldu zuen bakoitzean, eta lehen aukera modu horretan iritsi zen. Diezek Letarekin jokatu, aurrelariak erdiraketa egin eta Mikel Arzalluzek jaso zuen baloia. Arzalluzek ez zuen jaurtiketa egiteko biderik aurkitu, eta oinaren atzealdearekin pasatu zion Landari. Erdilariak zutoinera bidali zuen baloia.

Neurketako lehen gola hamar minutu eskasera iritsi zen, ordea. Aramendik korner erdiraketa oso arriskutsuak jarri zituen jokoan, etxekoen atezainari zalantza handiak sortuz. Erdiraketa itxiak egin zituen ezker jokalariak eta modu horretan jokoan jarri zuen baloitik lortu zuen Anaitasunak aurrea hartzea. Izagirre bakar-bakarrik sartu zen errematea egitera, eta bigarren zutoinean buruz huts eta batekoa egin zuen.

Atsedenaldira iritsi aurretik, gainera, abantaila handitzeko aukera garbia izan zuen taldeak. Ezker hegaletik sartu zen Leta area barrura eta atzera pasea eginda Ander Arabaolazak hartu zuen baloia. Aurrelariak baloia kontrolatu nahi izan zuen errematea errazago egiteko, baina Rezolan batutako Anaitasuna zaleak gola abesteko prest zirenean Anderrek kanpora bota zuen baloia. Aukera argia izan zuen atsedenaldiaren aurretik neurketa garaipenera bideratzeko.

Gogorra eta lehiatua

Atsedenaldiaren ostean ez zen aldaketa gehiegi ikusi berdegunean. Neurketak gogorra eta lehiatua izaten jarraitu zuen.

Aramendi eta Arzalluzen bitartez bi urruneko jaurtiketa egin zituzten gure mutilek, baina huts eta bikoa 70. minutuan iritsi zen. Ezker aldetik eskuinera eramandako jokaldi batean, Aramendik sekulako azken pasea egin zion Letari eta aurrelariak ez zuen barkatu. Area barruan bikan gurutzatu zuen atearen beste aldeko zutoinaren albora. Indar handiz, baloiak ate barrurako bidea hartu zuen.

Mikel Pastrian gertu izan zen luzapenera sartu baino minutu batzuk lehenago Anaitasunaren aldeko hirugarren gola egitetik, baina luzapenean Añorga izan zen gola egin zuena. Atzetik luze jokatutako baloi batetik lortu zuten añorgarrek bat eta bikoa. Area barrura sartu zenean, Añorgako aurrelariak ere gola izateko behar zuen lekura gurutzatu zuen baloia. Zutoinaren albotik egin zuten añorgarrek euren neurketako gol bakarra. Luzapeneko azken segundoak ziren, eta ez zen Rezolan gehiago ikusteko astirik izan.

Añorgaren aurka batutako hiru puntuekin sei ditu poltsikoan taldeak. Datorren astean Beti Gazte jasoko dute, Txerloian. Talde nafarra beti bezain aurkari gogorra izango da berdegunean, eta mutilek gogor egin beharko dute lan astean zehar zapatuko neurketa prestatzeko.

 

Fotos

Vídeos