Anaitasunak garaipen estua lortu zuen Elgoibarren aurka Txerloian

Xabi Azkoitia, bat eta hutsekoaren gola ospatzen. /  MAIALEN ARZALLUZ
Xabi Azkoitia, bat eta hutsekoaren gola ospatzen. / MAIALEN ARZALLUZ

Amaierara arte borrokatu behar izan zuten balio handiko hiru puntuak lortzeko | Neurketa gogorra jokatu zuten eta 60. minutuan lortu zuten gorrixek garaipenaren gola

JOAQUÍN SUDUPE

Partida tristea jokatu zuten Anaitasunak eta Elgoibarrek Txerloian. Lehen zatira tentsio gutxirekin zelairatu zen taldea, eta gauzak ez zituen ondo egin. Ez zuen lortzen pase asko bata bestearen ondoren ematerik. Taldeak leku galtze asko egin zituen, eta arazoak izan zituen lerro artean jokatzeko. Itxita, barruan bilduta, aritu ziren Xabier Artetxerenak.

Elgoibar ondo zen atzean, eta presioa ez zen izan oso agresiboa. Asko kostatu zitzaion, halere, Anaitasunari Elgoibarren area ingurura iristea. Baloi batzuk galdu zituen taldeak baloi irteeran. Elgoibarren asmoa argi gelditu zen orduan. Gorrixek egindako akatsik txikiena ere baliatzeko prest agertu ziren. Aukera gutxiko neurketa izan zen elgoibartarren aurkakoa. Anaitasunak atzelarien bizkarrera sartutako pase luze batean Axik izan zuen lehen zatiko garbiena. Atezainaren eta Axiren arteko borroka Oñatiko aurrelariak irabazita, baloia ate aldetik oker atera zen. Angelurik gabe gelditu zen oñatiarra jaurtiketa egiteko, baina atea hutsean zela egin zuen jaurtiketa; ez zuen asmatu Axik. Aitor Diezek ere izan zuen bere aukera.

Bigarren zatian, intentsitate gehiago eskatu zitzaion taldeari, eta baloiaren irteeran ukitu batzuk eginda bigarren zati txukunagoa egin zuen Anaitasunak. Elgoibarren zelaian aritu zen minutu gehienetan, eta baloia galtzean presio ona egin eta azkar errekuperatu. Bestelako zantzuak erakutsi zituzten gorrixek bigarren 45 minutuetan. Aukera onak sortzea kostatu egin zitzaion Artetxeren taldeari, baina taldea beste modu batera zelairatu zela garbi ikusi zen.

Bat eta hutsekoaren gola

60. minutuan iritsi zen bat eta hutsekoaren gola. Bere zelaitik eta Elgoibarren presioa ondo gaindituta, Mikel Arzalluz zegoen ezker hegalera jokatu zuen Landak. Arzalluzek oinetan itsatsita eraman zuen baloia eta area ertzera iritsi zenean atera jaurti zuen. Jaurtiketa atezainak urrundu zuen. Xabi Azkoitia erasora iristen ari zen, eta aldaratzea bere oinetara iritsi zen. Atezaina ondo gainditu zuen indar handiz, eta Anaitasunaren aldeko gola egin zuen ezker hegaleko atzelariak..

Golaren ondoren, aukeren gabezia somatu zuen Anaitasunak. Ezker hegaletik egin zuen eraso behin eta berriz taldeak. Area ertzetan nagusi izan zen, baina gol aukera garbirik ez zuen sortu taldeak. Elgoibarrek, berriz, ez zion eman arazo gehiegi Anaitasunari. Gorrixek baloiarekin defendatu ziren eta denboraren kudeaketa ona egin zuten.

Amaierara arte borrokatu behar izan zuten balio handia duten hiru puntu lortzeko. Ez zen izan Anaitasunaren partidarik onena, baina Elgoibarren joko proposamena defentsan oinarritu zenez, Anaitasunak bisitarien bloke sendoa hautsi behar izan zuen garaipena lortu ahal izateko. Datorren asteburuan, Arrasateko Mojategi zelaian jokatuko dute gureek.

 

Fotos

Vídeos