Anaitasunak denboraldiko zortzigarren porrota jaso zuen 1-0 Bergaran

Gorrixek ez zuten golik egiterik lortu aurrea hartzeko./ MAIALEN A.
Gorrixek ez zuten golik egiterik lortu aurrea hartzeko. / MAIALEN A.

Aurtengo kanpaina amaitzeko lau neurketa besterik ez zaizkie gelditzen

JOAQUIN SUDUPE AZKOITIA.

Anaitasunak ezin izan zuen Bergaran bi asteko trabatzea askatu eta denboraldiko zortzigarren porrota jaso zuen, Agorrosin zelaian 1-0 galduz. Lehen zatia bigarrena baino hobea izan zen Anaitasunaren partetik, baina gorrixek ez zuten aurrea hartzeko golik egiterik lortu eta etxekoek bigarren zatia hasi bezain laster lortu zuten neurketa maldan gora jartzeko gola.

Lehen ordu laurdena Bergararena izan zen. Anaitasunaren zelaian jokatu ziren hasierako minutuak. Nahiz eta aukera asko ez izan, etxekoak gorrixen zelaian aritu ziren uneoro eta Anaitasunari kostatu egin zitzaion baloia oinetan izatea. Ondoren, Anaitasunak lortu zuen baloiaren jabetza. Bergarak, ordea, lerroak elkartu zituen eta espazio gutxi utzi zizkion Anaitasunari lerroen artetik jokoa sortzeko.

Hala ere, Anaitasuna ondo moldatu zen baloiarekin. Jokoari zentzua eman zion taldeak, nahiz eta zirkulazioaren abiadura handia ez izan. Area ingurura iristea lortu zuten Artetxeren mutilek eta baloia galduta ere taldea ondo kokatuta izan zen baloia azkar errekuperatzeko. Azken metroetan egoera hobeak sortzea faltan bota zuen Anaitasunak.

Bost jardunaldiren ostean, neskek garaipena lortu zuten Barakaldoren etxean

Aste Santuan atsedenaldia izango dute. Denboraldia amaitzeko lau neurketa besterik ez zaizkie gelditzen. Zarautz eta Aretxabaleta jasoko dituzte Txerloian, eta Tolosa eta Eibar izango dituzte aurkari etxetik kanpo. Oraindik 12 puntu daude jokoan eta Anaitasunak bigarren postuan jarraitzen du sailkapenean, Eibar liderragatik sei puntura eta Tolosa hirugarrenak baino zazpi puntu gehiagorekin.

Nesken garaipena

Bere aldetik, bost jardunaldiren ondoren, neskek garaipena lortu zuten, 2-4, Barakaldo seigarren sailkatuaren etxean, La Siebe zelaian.

Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan da Emakumezkoen Euskal Liga, eta azken bost jardunaldietan lortu gabe zegoen garaipena lortu zuten. Taldea oso eraginkor aritu zen lehen zatian, eta lau aldiz zulatu zuen bizkaitarren atea.

Barakaldok kolpatuta amaitu zuen lehen zatia, eta gorrixek ez zieten bigarren zatian neurketan sartzeko aukerarik eman. Anaitasunak kontraerasoan gol gehiago egiteko aukerak izan zituen bigarren zatian, baina azken metroetan ez zituzten erabaki onak hartu.