Anaitasuna futbol taldea prestatzen ari da datorren denboraldirako

Oihane Ucin, Josu Zubizarreta, Lur Bereziartua eta Julen Iriarte dira orain arte Anaitasunak egin dituen fitxaketa berriak . /  ANAI
Oihane Ucin, Josu Zubizarreta, Lur Bereziartua eta Julen Iriarte dira orain arte Anaitasunak egin dituen fitxaketa berriak . / ANAI

Emakumezkoen lehen taldea itzuli da lanera eta mutilak etzi hasiko dira

JOAQUIN SUDUPEAZKOITIA.

Anaitasuna futbol taldea datorren denboraldia presta-tzen ari da eta Euskal Ligako neskek joan den astelehenean ekin diote 2019-20 entrenamenduei. Lehenik, Pedro Urdanpilleta presidentearekin izan zuten solasaldia eta ondoren, Gorka Zubizarretaren aginduetara egin zuten lehen lan eguna San Juan futbol zelaian.

Denboraldia kanpoan hasi eta amaituko dute. Zarauzko Asti fu-tbol zelaian hasiko dute denboraldia eta Hernaniren aurka bukatu. Denboraldia irailaren 15eko asteburuan hasiko dute eta etxeko lehen neurketa, Leioako Emakumeen aurka jokatuko du taldeak.

Gorka Zubizarretaren taldeak egin du dagoeneko fitxaketa bat. Oihane Ucin Iriartek (Azkoitia, 1997) Anaitasunan jokatuko du hurrengo denboraldian. Aurrelari azkoitiarrak, Anaitasunako maila guztiak igaro ostean, bi denboraldiz Zestoan jokatu zuen. Zestoatik, Anaitasunara itzuli zen eta hemendik jo zuen Zarautzerako saltoa. Azken hiru urteak igaro ditu kostaldeko taldean Ucinek, baina azkenean etxera itzultzea erabaki du.

Mutilen lehen talderako

Fitxaketei dagokionez, Anaitasunak egin ditu beste hiru baina kasu honetan, mutilen lehen talderako.

Josu Zubizarreta (Azkoitia, 1995) izan da lehen fitxaketa. Ezker hegaleko jokalariak Anaitasunako maila guztiak pasatu zituen alebin mailan hasi eta Ohorezko Mailara iritsi zen arte. Duela bi urte Elgoibar talderako bidea hartu zuen. Azken bi denboraldiak Elgoibarren egin ditu.

Lur Bereziartua Nazabal (Eibar, 1999) da bigarren fitxaketa. Zelai erdiko jokalaria da eta S.D. Eibar taldeko harrobian egin ditu alebin mailatik jubenil mailara arteko urte guztiak; senior mailako lehen denboraldia, ordea, Zaldibarko (Bizkaia) C.D. Zaldua taldean egin du.

Hirugarren fitxaketa, Julen Iriarte Villanueva (Azkoitia, 1991) da. Azkoitiarrak taldearen aurreko lerroa indartuko du. Duela bi urte, Azkoitian egin zuen denboraldia, taldea Hirugarren Mailan zegoela. Azken urtean Beasainen aritu da baina aurrez Eibar, Laudio, Logroñes, Mallorca B, Real Union eta Zamudio taldeetan jokatu du.