Azken atzerapenak sua piztu du Zestoako Pilota Taldean

Zestoako Pilota taldeko pilotari, senide eta arduradunak. /  K. ARRIZABALAGA
Zestoako Pilota taldeko pilotari, senide eta arduradunak. / K. ARRIZABALAGA

Emandako hitza betetzea eskatu nahi diote Udalari

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Zestoako Pilota elkarteak prentsa agerraldia egin zuen atzokoan, frontoia urte amaiera arte ez dela erabilgarri egongo jakin ostean. Pilota taldekoek atzerapen hau salatzeaz gain Udalak hitza ez betetzea nabarmendu nahi izan dute, borondate eza aipatzeaz gain: «Hasera batean Udaletik obrak irauten zuen bitartean frontoiaren zati handi batean pilotako entrenamenduak egiteko aukera izango genuela esan bazitzaigun ere, lanak hasi eta berehala (2017ko azaroa) frontoia hilabete batzuetan ezingo genuela erabili esan zitzaigun. Udalari gure kexa agertu genion, izan ere egun batetik bestera entrenamendu eta partida guztiak Aizarnazabal eta Itziarko frontoietara eraman beharrean aurkitu ginelako. Halere, hasera hartan udalak pilotalekua konpontzeko asmorik ez zuela ikusita, gutxienez ezker pareta konpondu eta frontoia pintatzeko eskatu genion. Udalak onartu eta maiatza edo ekainerako frontoia erabiltzeko moduan izango zela adierazi zitzaigun eta baldintza horiek aintzat hartuta Pilota Elkarteak epe horretan aipatutako herrietara joatea erabaki zuen».

Aurreko denboraldia latza izan zela zioten segidan: «Eragozpen eta arazo handiak sortu dizkigu ia urtebetez horrela ibili behar izateak, astean bi bider umeak entrenatzera eraman behar, asteburuetako etxeko partiduak ere kanpoan jokatu behar eta abar».

Denboraldi berria planifikatu ostean, udalarekin bilera egin zuten. «Uda amaitzen ari zela ikusita eta denboraldi berrirako frontoia erabiltzeko moduan izango ote genuen kezka burutik kendu ezinda; obra egiten ari den enpresa eta udal ordezkariekin bilera egin genuen. Bertan, enpresako ordezkariek, udalak horrela erabaki ezkero, pilotalekua epe motzean erabiltzeko moduan jartzeko inolako arazorik ez zutela garbi adierazi zuten eta udalak urriaren amaierarako frontoia erabiltzeko moduan izango genuela agindu zigun», diote.

Plangintza «pikutara»

Baina berriro ere atzerapen baten berri eman diote, argiteri berria ez dela garaiz etorriko argudiatuz, eta honek Pilota Taldearen haserrea piztu du urte guziko plangintza pikutara joango den beldurrez: «Aste honetan jakin dugu, udalak urte amaierara arte pilotalekua ez duela erabiltzeko moduan jarriko eta horrek sortu du gure haserrea. Batetik, emandako hitza beste behin ez dutelako bete, eta bestetik guraso eta pilotariekin egindako azken batzarrean erabakitako plangintza guztia pikutara joan zaigulako. Gipuzkoako txapelketako etxeko partidu guztiak kanpoan, entrenamenduak berdin, ia urtebetez bertan behera utzita egon den larunbat goizetako umeen saioak datorren urtera arte hasi ezin eta abar».

«Gauzak horrela udalari behingoz emandako hitza betetzeko eska-tzen diogu, hasieran obra egin arren bertan jokatzeko moduan izango ginela, gero maiatzera arteko epea, duela gutxi urrian amaiera artekoa eta orain abendura arte ezingo dela...nahikoa da! adarra jotzen ari zaizkigula dirudi! Eta ez gaude beste atzerapenik onartzeko prest, jakin dakigunean frontoia epe mo-tzean erabilgarri jartzea posible dela» diote.

Pilota Taldeak argi utzi nahi izan du frontoiko argi berriak gerora jarrita ere berdin dela, garrantzitsuena erabilgarri egotea dela, lehengo argi zaharrekin bada ere, denboraldia behar den bezala martxan jarri ahal izateko.

«Beraz, aipatutako epean, hau da, urriaren bigarren hamabostaldian frontoia erabiltzeko moduan jartzen ez bazaigu, Zestoa ordezkatzen ari diren pilotari guztiak Gipuzkoako txapelketa guztitik erretiratuko ditugu. Badakigu erabaki gogorra dela eta elkartea eta pilotariak izango garela kaltetuenak baina jasan beharreko guztia jasan eta gero ez gaude adar jotze gehiago onartzeko prest», diote Pilota taldekoek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos