Autobus eta trenen zerbitzua aldatuko da Donostiako Aste Nagusia dela eta

Autobus eta trenen zerbitzua aldatuko da Donostiako Aste Nagusia dela eta
A. M.

Euskotrenek Urola Kostako UK09, UK10, UK49G eta UK11 lineetako zerbitzua aldatuko du abuztuaren 10etik 17ra bitartean

Donostiako Aste Nagusiko festak direla eta, Euskotrenek Urola Kostako hainbat autobus lineetako zerbitzua aldatuko du, abuztuaren 10etik 17ra bitartean.

Euskotrenetik jakinarazi dutenez, aldaketak jasango duten autobus lineak UK09, UK10, UK49G eta UK11 izango dira. Aste Nagusiak izango dituen zazpi egunetan zehar 21:30etik aurrera autobusen irteeretan Askatasuna Etorbideko ohiko geralekua Zubieta 50 kalera eramango da. Halaber, Donostiara autobusen sarrerak ohiko ibilbidetik burutuko dira.

Bestalde, UK11 Donostia-Zumaia AP-8 Oriotik linearen 22:05etako zerbitzua Donostiako autobus geltokitik aterako da eta, ondorioz, Antso Jakituna geralekua ezabatu egingo da.

Halaber, Euskotrenek tren zerbitzua indartzea erabaki du. Jakitera eman dute Lasarte-Donostia-Hendaia (topoa), Amara-Altza eta Zumaia-Donostia (kosta) lineetan ohiko zerbitzuaren osagarriak diren trenen zerbitzu berezia eskainiko dute. Zerbitzu berezia abuztuaren 10etik abuztuaren 17ra bitartean izango da, biak barne. Asteko gau guztietan zehar gaueko trenak egongo dira.

Lasarte Oria, Amara eta Hendaia lotzen duen linean, goizetan ohiko zerbitzua izango da, eta arratsaldez 15 eta 30 minutuko maiztasunean ezarriko da tren zerbitzua geldialdi ordutegiaren eta ibilbideko tarteen arabera. Gainera, su artifizialak bukatu ondoren eta goizaldera arte, Amaratik Lasartera, eta Altza eta Hendaia artean tren bereziak eskainiko dira.

«Trenbideari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiak direla eta -Biarritzen ospatuko den G7aren goi-bilera-, abuztuaren 18an Hendaiako geltokia itxita egongo da. Geltokia 00:00etan itxiko da, hori dela eta, Amaratik su artifizialen ondoren irtengo diren trenak Irun-Ficobara baino ez dira iritsiko. Neurri berezi hau abuztuaren 26 bitarte mantenduko da, eta egun horietan topoa ez da Hendaiara iritsiko», adierazi dute Euskotrenetik.

Bestalde, Zumaia eta Donostia lotzen duten lineak eguneko zerbitzu ohikoa izango du Aste Nagusian zehar, eta festetako jai guztietan zehar trenak orduro ibiliko dira.

Temas

Euskera