Aurtengo Aginagako San Praixku jaietako azken bi egunak

Aginagarrak ere Oria ibaian izango dira bihar arratsaldean. / ARANBERRI
Aginagarrak ere Oria ibaian izango dira bihar arratsaldean. / ARANBERRI

JOSU ARANBERRIUSURBIL.

Aginagako San Praixku jaiek jarraipena izango dute gaur eta bihar. Pasa den ostiralean, San Praixku egunez, hasi ziren bertako jaiak eta asteburuan ekimen ugari izan ostean, ostiralez eta larunbatez ere zer egin eta zertaz gozaturik ez da faltako.

Gaur, umeen eguna izango dute. Haurren jolasak izango dira goizeko 10:00etan hasita eta bazkaria izango dute 13:00etan. Arratsaldean puzgarriak izango dira 16.00etatik aurrera, segidan txokolata jateko aukera izango delarik. Buruhandiak ere bertan izango dira. 19.00etan Aginagako jubilatuen eskutik haurrei opari jaurtiketa iragarrita dago eta 19.30ean tortila patata lehiaketa. Ondoren, 20.00etan zezen suzkoa ibiliko da Aginagako kaxkoan eta herri poteoa egingo dute jarraian. 21:00etan gazte afaria iragarrita dago Aginaga sagardotegian eta 23.30etan hasita Rukula eta Andoni bakarlariaren kontzertua izango da eliza zaharrean. Ondoren Dj Seymar izango da musika jartzen.

Biharko egitaraua

Aurtengo San Praixku jaiei amaiera emateko, bihar ekimen ugari antolatu ditu Aginagako jai batzordeak. 12.00etan serigrafia tailerra izango da Zatzaizkiteko Beñat Iraolaren eskutik eta 13.00etan II. Tiratxinas jaurtiketa txapelketa.

Arratsaldeko 15.30ean hasita, trainerilak izango dira berriz ere Oria ibaian. Azken urteetako etenaldiaren ondoren ikuskizun polita berreskuratu du berriz ere Aginagako Jai Batzordeak. X. Gizonezkoen ikurrina eta IV. Emakumezkoen ikurrina jokatuko dira bertan. Gizonezkoetan Aginaga, Donostiarra, Hondarribia, Ondarroa, Orio eta Zarautz izango dira lehian eta emakumezkoetan, berriz, Donostiarra, Hondarribia, Ondarroa eta Orio. Estropada eremuak 500 metro ditu eta 4 ziaboga egingo dituzte 2000 metro osatuaz. Binaka jokatuko dira, eremu erditik ibaian gorantz bat eta beheruntz bestea abiatuko direlarik.

18:00etan Eriz magoaren 'Auskalo' saioaz gozatzeko aukera izango da eta 19:00etatik aurrera Joselontxos elektrotxaranga izango da plaza inguruan. Gaueko 23.30ean Liher eta Enkore taldeak entzuteko aukera izango da frontoian, eta jarraian Larrian Gozo herriko taldearekin erromeria iragarri dute. Goizeko 4:00etatik aurrera Dj-ak izango dira eliza zaharrean eta karpan. Aurtengo jaiei amaiera emateko errefus bilketa egiteko asmoa dute 7.30etan.