Arroabe eta Aizarnako haurrak udal ordezkariekin bildu ziren

Udaletxean egin zen saio berezia. / ARRIZABALAGA
Udaletxean egin zen saio berezia. / ARRIZABALAGA

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Zestoako Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten bi ikastetxeen ikasle ordezkariak udaletxeko ordezkariekin elkartu ziren asteazkenean udalbatzar berezi bat egiteko. Hasieran Josetxo Mendizabal alkateak bertaraturiko ikasleei ongietorria eman zien eta ondoren, ikasturtean zehar ikasleek buruturiko azterketen emaitzaren berri eman zen.Ikasturtean zehar gai honen inguruan hainbat lan eta proposamen aztertu ostean, hondakinen inguruan antzemandako egoera ezberdinak hobetzeko proposamenak luzatu zituzten ikasleen ordezkariek, udal agintarien erantzunak jarraian jaso zituztelarik.

Zestoako ikasleek badakite norberaren erantzukizuna oso garran-tzitsua dela eta, horregatik, proposaturiko eskaera bakoitzarekin batera konpromiso bat hartu eta horien berri ere eman dute. Finean, hobetzeko eta aurrera egiteko bidea guztion eskuetan baitago.

Hala, besteak beste, zaborrontzi gehiagoren beharraz, Sansinenea poligonoaren egoeraz, konposta egiteko aukeraz, arropa zaharra biltzeko moduaz, plastikozko poltsen erabilera murrizteko ekimenaz edota birziklapenean hobetzen laguntzeko materialez mintzatu ziren udalbatzarrean bildutako ordezkariak.

Behin aurkezturiko proposamenen inguruko erantzunak eman ostean, ikasle, irakasle edota ikusle gisa udalbatzarrera bertaraturiko herritar guztiek, bestelako gaien inguruan galderak luzatu eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten, eta baita unea ondo aprobetxatu ere. Aipaturikoen artean, argiteriaren gorabeherak, baserri-bideen egoera, errekan dagoen zikinkeria edota txakur-kakekin dagoen arazoa nabarmendu ziren.

Hamaiketako osasungarri batek eman zion amaiera saio bereziari.

Futbola

Gaur, 12:15ean, Zestoako kadete mailako nesken taldea Urnietaren aurka arituko da, denboraldia amaitu aurretik etxean jokatuko duten azken partida izango delarik.

 

Fotos

Vídeos