Arroa Goiko Santio-Santana jaiak bihar hasiko dira

AINARA MARTÍNZESTOA.

Arroa Beheko festak amaitu bezain pronto Arroa Goikoei hasiera emango zaie. Santio bezperan, bihar, emango zaie hasiera festei. 19:00etan txupinazoa izango da, jarraian trikipoteoa eta ondoren afaria. Afarian giro ona ziurtaturik dago, Joxe Ramon 'Akulu' eta Aitor Salegi bertsolariak eta trikitilariak izango baitira bertan. Gauean ere trikiti doinuek jarraituko dute, 23:45etatik goiz aldera arte Izer eta Alabierren eskutik erromeria izango baita. 3:00tan DJ OL_BER (Olaberri)-ren emanaldia. Goizeko 6:00etan txokolatada egingo da eta gaupaseroek argazkia aterako dute. Ondoren, baserriz baserri ibiliko da karroza.

Ostegunean, Santiago egunez, ekitaldi ugari prestatu dituzte Arroa Goian. Eguna 10:00etan mezarekin hasiko dute. Elizkizunaren ostean, patata tortila lehiaketa izango da. Garrantzitsua da parte hartu nahi dutenek patata tortila 10:30etarako Herri-Etxe elkartera eramatea. 11:30ean Zestoako Idiakaitz txistulari taldea eta albokariak. Jarraian Sagardo lehiaketa, partaideak ondorengoak izango dira: Olaberri, Azketa, Igartzaundi, Etxeberri, Zelaikoa, Azketaerrota eta Haritza. 12:00etan esku pilotako finalak. Unai Lizarralde eta Xabat Sasian bikotea, Ioritz Agirrek eta Haritz Anduagak osatutako bikotearen aurka. 18:30ean herri kirol Saioa Karmelo Matraka-ren omenez.

Harria jasotzen jardungo dira: Kortaberri eta Ostoloza II, Udane Ostolaza eta Xuban Illarramendi. Jarraian Mikelak erakustaldia egingo du. Ondoren aizkoran arituko dira Jokin Alkizalete eta Joxean Olaskoaga 'Aizperro'. Azkenik erromeria 23:00etan Elizagoien Ahizpekin.

Txan magoa

Ostiralean, Santa Ana eguna, festak jarraituko du Arroa Goian. 11:00etan Meza Nagusia. Mezaren ostean Zestoako Itxaropena dantza taldea. Ondoren hamaiketakoa adinduentzako Herri-Etxe elkartean, bingoan jokatzeko aukera izango da. Arratsaldean berriz, 17:00etan Txan magoaren ikuskizun berria 'Inpernutik natorren artista bat naiz ni'. 19:00etan herritarren arteko kirolak frontoian, besteak beste soka-tiran, trontzan eta txingekin arituko dira. Gauean berriz musikaz gosatzeko aukera aparta izango da, 23:00etan erromeria Mugi pandero taldearekin. Honen ostean Imanol DJ Pajarito.

Larunbatean 12:00etan Igarategira III. Igoera. Arratsaldean asto proba egingo dute, Pello Etxabe eta Artabilla lehiatuko dira. 19:00etan berriz umorezko bakarrizketak 'Bakean dagoena bakean utzi'. Gaueko 21:00etan gazte afaria, 70eko hamarkadako janzkerarekin. 23:00etan Saioa eta Maddalen trikitilariak eta 2:00etan DJ Kanuttoren emanaldia, azken honen tartean Zumba emanaldia.

Festak igandean amaituko dira. Eguerdiko 12:00etan haur eta gaztetxoentzat Zurrumurruren eskutik frontoian 'Txapela buruan eta ibili zirkuan' (zirku animazioak, tailerrak eta jolasak). Arratsaldean berriz, 16:30ean umeentzako jolasak eta txokolatada plazan. Izen-ematea 16:00etan izango da. 18:30ean Leizarraneko zezen txikiak eta poniak. Gauean berriz, 22:00 etan Arroa Goiko jaietako argazkien proiekzioa gauzatuko da elizako atarian. 22:30ean Irati eta Amets trikitilariekin erromeria. Tartean otarraren zozketa eta IV. Argazki lehiaketaren sari banaketa.