Arrantzale giroa gaur nagusi Orion

Txurrumuskik bota zuen etxafuegoa udaletxeko balkoitik udal korporazio berria ere bertan zelarik. / DV
Txurrumuskik bota zuen etxafuegoa udaletxeko balkoitik udal korporazio berria ere bertan zelarik. / DV

13:00etan ongietorria emango zaie plazan, saregile, sardinera, batelera eta abesbatzarekin | Eta Sanpedroak amaitzeko, bihar Umeen Eguna

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOORIO.

Egun berezia gaur Orion, arrantzale giroa nagusituko da egun guztian. Antzezpenean jardungo duen taldea 11:00etan abiatuko da, eta kalez kale dantza eta kantuekin eguerdia alaitu ondoren, 13:00etan arrantzaleei ongietorria emango zaie plazan, saregile, sardinerak, batelerak, abesbatzarekin, Kaxarranka dantzatuko dutelarik. Festa bazkari batekin amaiuko dute, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeko musikariek alaituta. Arratsalde eta gaueko erromeria Trikizio taldearen eskutik izango da.

Eta aurtengo Sanpedroak amaitzeko, bihar Umeen eguna ospatuko dute oriotarrek. Hala, Zaragueta eskolak antolatuta, goizeko 09:00etan Mendibeltz zelaian futbol txapelketa jokatuko da; 11:30etik aurrera, umeentzako tailer, puzgarri eta jolasak izango dira pilotalekuan; 12:00etan, batel-lehiaketa errioan, Ikastolako DBHko ikasleek antolatuta. 14:00etan, berriz, 70 urtetik gorako oriotarrei bazkaria emango die Udalak Balea jatetxean.

Arratsaldean, 16:30etik aurrera, uretako puzgarriak eta jolasak egingo dira anbulatorio ondoko arranplan. 17:00etan, dantza emanaldia izango da plazan WM dantza estudioaren eskutik eta 19:30ean Porrusalda taldearen erromeria herriko plazan.

Bisiguaren festarako txartelak

Bestalde, Bisiguaren Festaren 12. edizioa egingo da aurten, uztailaren 12, 13 eta 14an. Aurreko urteetan ez bezala, aurten hiru eguneko festa izango da: ostirala, larunbata eta igandea. Osteguneko afaria, beraz, ez da egingo aurten. Ohitura den bezala, herriko plazan egingo dira festaren oinarri diren lau otorduak. Urtero bezala, Orioko Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu Bisiguaren Festan parte hartzera, bai otorduetan eta bai bestelako ekitaldietan. Otorduetarako erreserbak egiteko epea bihar, uztailaren 1ean zabalduko da eta, biharkoan, oriotarrek bakarrik izango dute txartelak erosteko aukera.

Erreserbak 943.835565 telefono zenbakian egin behar dira, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte. Telefono hau Turismo Bulegokoa da eta kontuan izan behar da igande arratsaldean bulegoa itxita egoten dela.

Orioko plazako jatetxe dotorean bisigua prezio erakargarrian dastatzeko aukera izango da. Aurten Divinus Catering enpresa izango da jatorduen antolatzailea eta menuan parte izango dute Oriomar arraindegiak, Errastik, Atxegak, Ziprik, Katxiñak eta Sayalerok.

Txartelen prezioa 55 eurokoa da, eta menua honako hau izango da: Nafarroako zainzuriak; tomate eta hegaluze entsalada; bakailao kokotxak saltsa berdean; bisigua parrilan Orio estilora; eta postrea. Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira.

Bisigua erretzen, orain arteko edizioetan bezala, Joxe Miel Zendoia (Katxina), Luis Mari Uranga (Xixario) eta Mikel Manterola (Joxe Mari) izango dira.