Arrakasta itzela izan zuen atzo 'Ezkurra basotik ahora' ekimenak

Ermitan. Lemaren liburuaren inguruko solasaldian jende asko elkartu zen atzokoan. /  ARGAZKIAK AMAXKAR
Ermitan. Lemaren liburuaren inguruko solasaldian jende asko elkartu zen atzokoan. / ARGAZKIAK AMAXKAR

Eguraldi ederrarekin basoan ibili ondoren Cesar Lemaren liburua ezagutu ermitan eta hamaiketakoa egin zuten

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

San Prudentzioko Lagunak ekitaldi berezia antolatu zuten atzo goizean auzoan Ezkurra Basotik-Ahora lelopean. Eguraldi zoragarriarekin jaiki eta 10:00etan elkartu ondoren auzoko plazan, talde handia osatu zen Dojumaso basotik ibilaldia egiteko, Cesar Lema adituaren gidaritzapean.

Basoko txoko ezberdinetan solasaldiak egin eta berriro San Prudentziora itzuli ziren, bertako ermitan galiziar biologoaren liburuen inguruko hitzaldi bat entzutera. Bete egin zuen Lemak ermita eta ordubeteko solasaldian denetik azaldu zuen, umore tartetxoak sartuz baina beti gaiaren inguruan datu interesgarriak plazaratuz. Berak esan zuen bezala, «hazia bota egin behar da, baita basamortuan ere, eta gero ikusiko da ereiten duen ala ez».

Bere liburua, 'Manual de Cocina Bellotera para la era Postpetrolera' izenburua daramana izan zuen mintzagai eta inguratu zirenak asko ikasteko aukera izan zuten ezkurraren inguruan, garai batean baserri guztietan egoten zena eta gero baztertua izango zena. Amaitutakoan ermitaren atarian hamaiketakoa prestatu zuten San Prudentziko Lagunak taldeko kideak eta denetik bilatu zuten goiz buelta egin ondoren gose ziren mendizaleak, ezkurrarekin egindako ogia, kafea, danboliñan erretarako gaztainak edo sorgin salda banatu zituzten.

 

Fotos

Vídeos