Areto futboleko gazte taldearen berdinketa Herrikiderekin

Sahatsagan. Zaleen aurrean partida txukuna jokatu zuten getariarrek eta hirunako berdinketa lortu zuten talde indartsu batekin. /  LUIS AZPEITIA
Sahatsagan. Zaleen aurrean partida txukuna jokatu zuten getariarrek eta hirunako berdinketa lortu zuten talde indartsu batekin. / LUIS AZPEITIA

Hiruna amaitu zen Sahatsagako norgehiagoka eta Gorengoen mailako taldeak galdu arren partida ona egin zuen

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Asteburuan areto futboleko eta zelaiko Keta Babyauto taldeek arerio indartsuen bisita zuten etxean. Josu Mujikaren mutilak Sahatsagan azken boladako emaitza txarrak baztertu nahi zituzten baina arerioa ez zen batere erraza.

Herrikide taldeak sailkapeneko hirugarren tokia betetzen du eta horrek garbi erakusten du etsai gogorra izango zela. Aurreko bi taldeekin bakarrik galdu du urte hau hasi zenetik eta Getarian ere bere maila erakutsi zuen une oro.

Azkenean, partida eder bat egin ondoren hirunako emaitzarekin bukatuko zen eta getariar golegileak Jon Andoni Perez, Oihan Larrañaga eta Urko Gahona izan ziren. Orain hiru jardunaldi besterik ez dira geratzen denboraldia amaitzeko eta sailkapenean une honetan betetzen duten 10. tokia hobetzea izango da helburua, liga amaitu eta jokalariak atsedena hartu aurretik.

Liderra nagusi

Mendibeltz futbol zelaian Keta Babyautoko beste taldeak jokatzen zuen, Gorengoen mailako 28. jardunaldiko norgehiagokoan. Ketak multzoko liderra hartzen zuen, Urola, eta partida bikaina burutu zuten. Partidan indartsu sartu ziren bisitariak eta bizkor lortu zuten aurretik jartzea. Multzoko liderrak dira eta denboraldi bikaina daramate. Gainera jokoan asko daukate igoera txartela lortu ahal izateko. Bigarren gola ere bisitarientzat izan zen baina etxekoek ez zuten etsi eta Zumarragako taldearen atea bilatzen saiatu ziren. Mikel Agirrek gola lortu zuen emaitza txukunduz eta zelaian itxura ona emanaz bukatu zuten getariarrek.