Agustin Ostolazak omenaldi hunkigarria jaso zuen atzo Arroan

Bilobek dantzatu zioten aurreskua aitonari./
Bilobek dantzatu zioten aurreskua aitonari.

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Momentu hunkigarri asko izan zituen atzo Zestoako Arroagoian Agustin Ostolazaren omenez ospatu zen jaialdi jendetsuak.

Bere bilobek egin zioten harrerako aurreskua; lehen eta oraingo aizkolari zein harrijasotzaileak ere bertan aritu ziren, Ostolazak apustuetan erabilitako harriekin lanean batzuk eta hainbat belaunaldietako aizkolariak ere zer izan ziren eta diren erakusten besteak.

Denen lana aipagarria izan bazen ere, agian momenturik goxoenak bere biloba Udanek eskaini zizkion, 13 urterekin soilik aitonari sorpresa emanez bi saiakera egin eta lortu baitzituen 63 kg-ko harri errektangeluarra eta 50 kiloko kubikoa jasoaz.

Amaieran Agustinen semea den Joseba Ostolaza eta Udane bilobak, biak batera, harri biribilekin beste erakustaldi bat egin zuten, beste momentu ederrak eskainiz. Lagunez inguratuta, amaieran hainbat oroigarri jaso zituen Ostolaza handiak.