Agurtzane Solaberrieta, EH Bilduren alkategaia

Agurtzane Solabarrietaren hautagaitzaren aurkezpen ekitaldia. /  J.A.
Agurtzane Solabarrietaren hautagaitzaren aurkezpen ekitaldia. / J.A.

Burujabetza agenda politikoaren erdigunean dagoela nabarmendu zuen aurkezpen ekitaldian

JOSU ARANBERRI

Usurbilgo EHBilduk maiatzaren 26an burutuko diren udal huateskundeetarako Usurbilgo hautagaia aurkeztu zuen asteburuan: Agurtzane Solaberrieta Mesa. Goizean EHBilduk 'Potxoenean' herri programa landu zuen bertaratu ziren herritarrekin eta ondoren alkategaia berretsi zuten.

Xabier Arregi, Usurbilgo EHBilduko alkatearen esanetan, oso pertsona jantzia eta prestatua da Agurtazane lan horretarako. «Kazetaritzan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Kazetari gisa lan egindakoa Noaua!n eta 'Berria' egunkarian. Herri bizitzan hamaika ekimenetan parte harturikoa; Euskal Herrian Euskaraz, Noaua! Kultur Elkartean, Ezker independentismoan, Usurbilgo Gure Esku Dagon... Herri eragile oso bizia eta prestatua. Horrek guztiak eman dion ibilbide oparoak egiten du Agurtzane guretzat hautagai ezinhobea izatea. Usurbilgo EHBilduk hautagai oso oso ona aurkeztu digu».

Agurtzane Solaberrieta EHBilduren Usurbilgo hautagaiak, berriz, burujabetza agenda politikoaren erdigunean dagoela eta EHBilduk sustatu nahi duen Euskal Herria burujabe izateko prozesuari herrietatik ere ekarpenik egin diezaioketela uste dutela adierazi zuen. «Hurrengo lau urteotarako herri-programa burujabetza prozesu horretan sakontzeko bitartekoa izatea nahi dugu, egitasmo burujabe eta aitzindarien bidez, herri eta pertsona bezala ahalduntzeko tresna moduan. Elikadura, lurralde, gorputz, energia... burujabetasunerantz, ariketa hauek elkarrekin egin nahi ditugu. Usurbilen osatzen duten herri/auzo guztiekin eta herritar ororekin. Eskuartean dugun proiektuaren erdigunean, bizitzak, pertsonak, usurbildarrak daude, eta horren bueltan eraiki nahi dugu gure herri-proiektua. Bazterketarik gabe eta askatasunez bizi ahal izango den Usurbil jasangarria eta bizigarria zerumugan, ingurumenarekin harmonian biziko dena, herri/auzoen nortasuna errespetatzen duena, herritar eleaniztunez osatua, eta bizikidetza eta kultura-aberastasuna oinarri, euskaraz biziko dena».

Horrez gain, esker hitzak ere izan zituen. «Eskerrik asko egunotan jaso ditudan animo mezu guztiengatik. Ohorea da Xabiren eskutik jasotzea lekukoa. Ohorea eta errespetua, izan ere, oso altu jarri du langa Xabik. alimaleko alkatea izan da. Eskerrik asko! Jakin badakit ez dela erraza izangi. Ardura honek izango du ozpinetik eta izango du eztitik. Edonola ere, nire onena ematen saiatuko naiz. Rosa Luxenburgek espetxetik idatzitako gutunak irakurtzen aritu naiz, eta hainbat gogoeta bikainen artean, honako hau iltzatuta geratu zait: 'Ez dugu inoiz ahaztu behar gauza eder txikienarekin eta onenarekin ahalik eta gehien gozatzea'. Horixe da nire asmoa».