Abian dira San Anton Jaiak

Herri kirolak. Jaiei amaiera emateko datorren igandean antolatu dituzte frontoiko karpan. /  AMAXKAR
Herri kirolak. Jaiei amaiera emateko datorren igandean antolatu dituzte frontoiko karpan. / AMAXKAR

Bart gaueko pilota txapelketako partidek zabaldu dute aurtengo festen egitaraua

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Urte berriarekin batera heldu zaie getariarrei herriko lehen festetan murgiltzeko garaia. San Anton Jaiak abian dira dagoeneko, eta hasiera bikainarekin gainera.

Herrian pilotaren inguruan dagoen mugimendua kontutan izanda, Udalak Eskuz Binakako Pilota Txapelketako norgehiagoka ekarri du aurten Sahatsaga pilotalekura. Duela zortzi urte egin zen baita honelako apustua eta aurtengoan berriz pilotazaleek erantzun ona eman dute, garbi erakutsiaz Getarian dagoen zaletasuna eta pilotarekiko maitasuna ez dela erraz topatzen beste edozein bazterretan.

San Anton jaien egitarauak bihar izango du bigarren saio handia. Bertso saio ederra antolatu da Cristóbal Balenciaga Museoan arratsaldeko 18:00etan hasita. Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Onintza Enbeita, Danel Olano, Alaia Martin eta Aimar Karrika izango dira bertsolariak eta kantuan jartzeaz arduratuko den gai jartzailea berriz Ane Ezenarro izango da. Sarrerak eskura daiteke Turismo Bulegoan 10 euroren truke eta aurrez erosi gabe egunean bertan tokirik geratzen bada Museoko leihatilan ere jarriko dira salgai.

Asteazkenetik aurrera

Urtarrilak 16, 17 eta 20an jarraipena izango dute San Anton jaiek. Asteazkenean, 17:00etan txokolate beroa bizkotxoekin, plazan. 18:00etan 'Tomaxen abenturak: 10 urte' haur ikuskizuna frontoiko karpan. Jarraian buruhandiak kalez kale ibiliko dira, Gazte Alaiak Txistulari taldeak lagunduta. 22:00etan 'Ilargi Beltza' taldearekin erromeria.

Asteazkena San Anton Eguna izango da eta hau prestatutako egitaraua. 09:00etan diana Gazte Alaiak txistulari taldearekin. 10:30etatik aurrera Harritarten, Plazan eta Berdura plazan, azoka eta 11:00etan Meza Nagusia.

12:15ean Herriko frontoian Txakolin-uzat berriaren aurkezpena, '3 Taula Txalaparta' taldeak girotuta. Ondoren Herriko frontoian eta Harritarten, txakolinaren dastaketa. 13:30ean Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak eta '3 Taula Txalaparta' taldea, udaletxeko balkoitik.

Arratsaldeko 18:00etan, herriko frontoian, herri-kirolak. Aizkolariak Aitzol Atutxa, Julen Larrea eta Hodei Ezpeleta izango dira eta Harri-jasotzaileak, Mikel Lopetegi 'Urra' eta Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV'. Jarraian Lizaso eta Egaña bertsotan arituko dira udaletxeko balkoitik.

Jaien azken eguna urtarrilak 20, San Sebastian eguna izango da. 9:30ean diana egingo da Getariako Musika Bandarekin eta 12:30ean Salbatore Deunaren elizan, San Antonetako kontzertuari ekingo diote Getariako Musika Bandako kideak.