Abeletxe eta Benta baserriko euskal oiloak Ordizian sarituak

Antonio Alvarez. Benta baserrikoak ere bi sari eskuratu zituen./
Antonio Alvarez. Benta baserrikoak ere bi sari eskuratu zituen.

Mikel Albizuri eta Antonio Alvarez izan dira sarituak, bakoitzak bina sari jaso zituztelarik

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Ordiziako Euskal Jaietako azoka berezia ospatu zen joan den irailak 5ean. Asteazkeneroko azokaz eta gazta lehiaketa entzutetsuz gain, fruitu eta barazki lehiaketa, perretxiko lehiaketa, euskal oiloen lehiaketa eta ganadu lehiaketa ere izaten dira bertan, eta getariar ordezkaritzak sari garrantzi-tsuak lortu dituzte.

Euskal oiloen atalean urteak daramatzate getariar baserriak lanean eta bereziki Abeletxe eta Benta baserrietan. Lehenengoan, Mikel Albizurik euskal oiloaren inguruan lan bikaina egin du eta lehen ere sariak lortua da.

Aurtengoan bi sari eskuratu ditu. Zilarra izeneko euskal olio motan lehen saria jaso zuen Abeletxeko baserritarrak eta hau gutxi balitz lote onenaren lehen saria ere jaso zuen (denera 47 lote aurkeztu ziren).

«Denon zeregina da euskal arraza hauek mantentzea, baina bereziki gazteena»

Baina ez da hor amaitzen getariarrek lortutako arrakasta zeren Antonio Alvarezek ere beste bi sari lortu zituen. Benta baserriko Antoniok Gorria izeneko euskal oilo motan lehenengo saria jaso zuen eta loteen sariketan bigarrena eskuratu zuen Mikelen atzetik.

Gazteak animatu

Mikel Albizurik dioenez, «animatu nahi genituzke lur zati bat dutenei euskal oiloak edukitzera. Lan asko dago egiteko eta horretan gabiltza gutxi batzuk. Baino denen artean gureak diren arrazak berriz errekuperatu eta zabaldu ditzakegu eta horretarako gogoa besterik ez da behar. Denon zeregina da euskal arraza hauek mantentzea eta ahal den neurrian hobetzen jarraitzea baina bereziki gazteena beraiena bai da etorkizuna». Euskal oiloak bost barietate edo mota ditu eta hauekin lana egitean bestelako onurak ere ekartzen ditu, «arrautza primerakoak etxean jateko eta oilasko ederrak ere bai» gogoratzen du Abeletxe baserriko nagusiak.

Oilozaleen elkartea ere badago eta zerbitzu hauek ematen ditu: arrazaren ezaugarriei buruzko ikerketak eta azterlanak egin (ezaugarri morfologikoak, etologikoak, genetikoak, etab...) eta lortutako emai-tzak dagozkien alorretan zabaldu, arraza horretan gelditzen diren ale garbienak bilatu eta hautatu, ekoizpen kontrolak egin, galdutako edo galtzeko zorian dauden ezaugarriak berreskuratu xurgatze teknikak erabiliz eta gurutzaketa egokienak egin, material genetikoa gorde elkarteko kideen artean eta helburu bera duten beste elkarteen artean banatu, animali hauen ezaugarrien eta egoeraren berri ematea eta beren balioaren kontzientzia zabaltzea (erakusketa, lehiaketa, feria, bideo, liburuxka, web orri, komunikabide, natura eskola, ikastetxe, eta abarrez baliatuz) eta azkenik, euskal oiloa hegazti arrazaren alde eta arraza hobetzeko proiektuetan lan egiten duten Euskal Herriko beste elkarte ba-tzuekin eta beste entitate profesionalekin batera jardun.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos