2019rako diru-laguntzak onartu ditu udalak, behin-behinean

172.000 euro banatu asmo du eta maiatzaren 8ra arte aurkeztu daitezke alegazioak

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Kultura, kirola, ingurumena, nekazaritza eta gizartegintzako ze egitasmo edota ze talde diruz lagunduko duen eta zenbat diru emango dien erabaki du udalak. Oraingoz, erabakia behin-behinekoa da. Aste honetan argitaratu zen ebazpena Gipuzkoako Buletin Ofizialean eta interesatuek 10 eguneko epea dute alegazioak aurkezteko, hots, maiatzaren 8ra arteko epea dute. Edonola ere, ia 172.000 euro banatu asmo du Udalak.

Lehengo astean bildu zen Diru-laguntzen Batzordea, eta kultura, kirola, ingurumena, nekazaritza eta gizartegintzako alorretarako diru-laguntzak eskuratzeko aurkeztu dituzten proiektuak aztertu dituzte. Hala, proposamen guztiak irakurrita, ze talde eta egitasmo diruz lagunduko den erabaki du, baina, oraingoz, behin-behinekoa da erabakia.

sAsteartean argitaratu zen ba-tzordearen ebazpena Gipuzkoako Buletin Ofizialean eta atzotik zenbatzen hasita, nahi duenak 10 eguneko epea du alegazioak aurkezteko. Nolanahi ere, guztira ia 172.000 euro banatzea proposatu du.

Oro har, deialdi guztietan parekidetasunari garrantzia handia eman zaio. «Batetik, eskatzaileak oinarrizko premisa hori barneratzeko, eta, bestetik, diru-laguntzen zuriketan, kontuan hartu beharreko aldagaia izatea nahi dugu. Modu horretan argazki erreala jasoko dugu», azaldu du Alaitz Aizpurua Ogasun-zinegotziak.

Kultura arloan, 2019an burutu asmo diren kultur egitasmoak diruz laguntzea du xedetzat deialdi honek. 25 taldek egin dituzte eskaerak, eta 87 ekintza proposatu. 3 ekintza baino ez dira geratu dirulaguntzarik gabe. Arlo honetarako 80.000 euro zeuden banatzeko, eta 78.379,59 euro bideratuko dira.

Kirol arloan, modu batez edo bestez, 60.000 eurotik gora bideratuko dira kirolera: herriko kirol-taldeen artean 50.000 euro banatuko ditu udalak; kirol elkarte ez direnen kirol jardueretarako 1.000 euro; kirol egokitua laguntzeko 1.689,66 euro, eta norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol egitasmoak burutzeko 1.610 €.

Gizarte-zerbitzuen arloan egitasmoak gauzatzeko dirulaguntzak dira honakoak, eta arlo honetan, 11 talderi emango zaie laguntza. Guztira, 12.000 euro. Talde guztiak Gipuzkoa mailakoak dira.

Igogailuentzako laguntza

Bestalde, deserrotze eta bazter-tze arriskuan daudenentzako dirulaguntzen deialdira herritar bakarra aurkeztu da, eta batzordeak laguntzea erabaki du. Alaba Picassenteko espetxean du (Valentzia), Usurbildik 612 kilometrora, eta bidaiek eragiten dizkioten gastuak arin-tzeko laguntza ematea erabaki du. Igogailuak instalatzeko deialdira, aldiz, 3 herritar aurkeztu dira, eta, guztira 2.700 euro banatuko dira. Eskaera bakoitzeko, gehienez ere, diru-laguntza mila eurokoa izatea aurreikusten zen.

Ingurumenari dagokionez, deialdi honetan erakunde pribatu zein publikoek edota norbanakoek 2018an garatutako egitasmoak laguntzen dira, eta 11 eskatzaile aurkeztu dira. 5.000 euro zeuden banatzeko, eta 2.826 euro banatuko dira.

Azkenik, nekazaritza eta abeltzantza arloko deialdian erakunde pribatu zein publikoek edota norbanakoek 2018an garatutako egitasmoak laguntzen dira ere, eta eskatzaile bakoitzari kostu osoaren % 50 eman ahal zaio, eta, gehienez ere, 2.000 euroko laguntza. Hamar eskaera aztertu dira, eta guztiak lagunduko dira. Orotara, 11.491,22 euro banatuko ditu udalak.