«'Aldapan gora'-k bagenekien materiala bazuela baina hartu duen ospea ezin zen aurreikusi»

Taldeko kideak Durangon, Ahotsenea gunean. /
Taldeko kideak Durangon, Ahotsenea gunean.

Josune lasturarrak trikitixa eta panderoa jotzen ditu taldean. Hurrengo kontzertuak Zaldibia, Mutriku eta Arrasaten dituzte

ANDER SALEGI

Huntza Musika taldeak estreinatu berri du Durangoko Azokan bere lehen diskoa 'Ertzetatik'. Talde honen sorreraz, eta beraien abesti arrakastatsuenari buruz hitz egin digute.

Zeintzuk osatzen duzue taldea ?

Sei lagunek osatzen dugu Huntza; Peru arrasatearra baterian, Aitor hernaniarra bioliñan, Uxue hernaniarra ahotsa eta panderoa, Josune lasturtarra trikitixa eta ahotsa, Inhar ataundarra baxuan eta Aitzol ataundarra gitarran.

Nola sortu zen taldea?

Taldekide guztiok gipuzkoarrak izan arren, Bilboko Alde Zaharrean eman genituen Huntzaren hastapenak, elkarrekin lehen kontaktua bertako trikipoteo zein 'Eguenero' elektrotxarangan izan baigenuen. Pixkanaka elkarrekin geratzen hasi ginen proiektu hau abiarazteko asmoz eta horrela dihardugu gaur arte.

'Aldapan gora', abestiak arrakasta handia izaten ari du. Nola sortu zen abestia? Eta sortu zenutenean hainbesteko arrakasta izango zuela pentsatzen zenuten?

Ba abesti honen iturburua biologiako ikasleen 'trabesiatik' genuke (Leioako biologia ikasleek egiten duten txango bat), izan ere Josune eta Uxuek biologia ikasten dute. Bertan jarri zen abestiaren hazia eta ondoren lokalean osatu genuen. Hasieratik genekien kanta horrek materiala bazuela baina hartu duen ospea ezin zen inolaz ere aurreikusi, sorpresa polita izan da.

Taldearen lehen diskoa, 'Ertzetatik', kaleratu duzue Durangoko Azokan. Nolako harrera izan du jendearen artean?

Harrera ezin hobea izan du, Durangon gure lehen aldia izanik ametsetako debuta izan dugula esan liteke. Lagunen artetik ere kritika oso onak jaso ditugu. Baita ere, gure entzulegoa oso zabala dela ohartu gara, adin guztietako entzuleetara heldu garela ematen du, eta agian, hori izan da arrakasta honen zergatia.

Amaitzeko, zerbait gehitu nahiko zenuekete? Zeintzuk izango dira zuen hurrengo emanaldiak?

Azkenik, eskerrak eman nahiko genizkieke bide honetan lagun izan ditugun guztiei eta guri zuzenean entzun nahi digutenontzat hil honetan abenduaren 16an Zaldibian, 17an Mutrikun eta 29an Arrasateko gaztetxean egongo gara.

 

Fotos

Vídeos