Getariako Eskubide Sozialen Kartak Goiener aurkeztuko du

Hitzaldiak. Goiener bezala lehen TTIPari buruz hiz egin zuten Eskubide Sozialen Kartak deituta. /
Hitzaldiak. Goiener bezala lehen TTIPari buruz hiz egin zuten Eskubide Sozialen Kartak deituta.

Datorren asteazkenean energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba ezagutzeko aukera izango da

JUAN MARI ZUBIAURRE

Eskubide Sozialen Kartako kideak proposamenak egiten jarraitzen dute eta datorren asteazkenerako, urriak 21, hitzaldi bat antolatu dute arratsaldeko 19:00etan Alhondigan Goiener energia berriztagarrien komertzializazio eta sorkuntzako euskal Kooperatiba ezagutzeko.

Bertan izango da Alex lopez zarauztarra eta solasaldi honetan zer topa dezakegun jakiteko asmoarekin berarekin harremanetan jarri gera zer den Goiener jakiteko. Bere esanetan, «Gioener energia kooperatiba herritar bat da, irabazi asmorik gabekoa %100 berriztagarria den elektrizitatearen eskaera areagotuz eredu energetikoa aldatzearen alde diharduena, bazkideei %100 berriztagarria den elektrizitatea salduaz. Kontsumo arduratsua sustatzen dugu, kontzientziazio eta informazio ekintzak eginez. Gaur egungo enpresa energetiko multinazional handiei, alternatiba bat gara».

Asteazkeneko saioan, «Goiener kooperatiba zertan datzan, nola funtzionatzen duen, eta abar azalduko dugu. Aldi berean sor daitezkeen galderak eta dudak erantzungo ditugu» aurreratu digu Alexek.

Helburu nagusiak aipatzerakoan, «eredu energetikoaren aldaketa bat bultzatzen dugu. Gure eginkizunetako bat, energia bezalako oinarrizko ondarea berreskuratzeko herritarren eskaera bideratzea da. Kooperatiba herritarra garen aldetik, berdinen artean lan egin eta erabakitzen dugu, bazkide bat boto bat delako. Bertakoak izanik, tokiko garapen ekonomikoaren alde egiten dugu, bertan lanpostuak sortuz. Hurbil gaude eta hurbilak gara. Aldi berean gure energia ere sortu nahi dugu, subiranotasun energetikorako bidea sustatuz» azpimarratu du Lopez jaunak.

Bukatzeko gure herrira etorriko denez, jakin nahi izan dugu getariarrak nola egin dezaketen bat Goienerrekin, «erraza da Goienerreko bazkide izatea. Sarean dugun web orriaren bidez (www.goiener.com) izen ematea daukazu, eta 100 euroko gutxieneko kuota bakarra ordaindu behar da, kooperatibaren kapital sozialerako. Bazkide batek kooperatiba utzi nahi badu, uzten duen momentuan bere ekarpenak duen balioa berreskuratuko du».

Beste ekintzak

Bilbon hilaren 24an, datorren larunbatean, Eskubide Sozialen Kartak 'Alternatiben Herria' ekimena antolatu du eta Getariako Eskubide Sozialen Kartatik deialdia babestu eta indartzeko asmoarekin esku-orriak banatu eta informazioa ematen saiatu dira. Alternatibak dituen herria bizirik dagoen herria da. Horixe irudikatzeko asmoz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Asanbladako kideak datorren 2015eko urriaren 24ean Alternatiben Herria ekimena abiatuko dute Bilbon. Aldarrikapen eta ospakizun eguna izango da, egunerokoan bizitza ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikien erakusleihoa, Kartaren ardatz nagusiak jarraituz. Topagune komuna.

Ekimen honekin jarraipena emango zaio Bizi mugimenduak, 2015eko abenduan Parisen klima aldaketari buruzko Goi Bilera dela eta, Alternatiben Herriak antolatzeko egindako deialdiari, 'Sistema aldatu, ez klima' lelopean. Zer egingo da Bilbon? «Euskal Herrian zehar, nork bere herrian, auzoan, taldean... aurrera eramaten ari diren alternatibak eta proiektuak erakutsi. Eta erakustearekin batera, informazioa partekatu, elkar ezagutu, denen artean gogoeta egin eta eztabaidatu... Denon artean konplizitatea, aliantza, konfiantza... behar eta nahi dira, gure alternatiba ezberdinak saretzeko eta indartzeko. Horrela bakarrik aldatuko dira gauzak» adierazi dute.