Gehiengo absolutoari eutsi dio EH Bilduk zortzi zinegotzi lortuta
Xabier Arregi izango da datozen lau urteetan herriko alkatea
DV
Martes, 26 de mayo 2015, 01:04
Inguruko beste herri batzuetan izan den joera aldaketak ez du horrenbesteko ondoriorik izan Usurbilen, eta EH Bilduk Udalean gehiengo absolutua izaten jarraituko du datozen lau urteetan. Are gehiago, 2011ko emaitzekin alderatuta, Xabier Arregiren taldeak zinegotzi bat gehiago izango du. Orduan 7 lortu zituen Bilduk; oraingoan 8 izango ditu koalizioak. Aldiz, Bildu eta Aralarrek aurreko legealdian zituzten zinegotziak ba-tzen baditugu, 10, bat galdu dela esan daiteke.
Aipatzekoa da, baita ere, EAJ-PNVk ere gorakada handia izango du, zinegotzi batetik laura pasatu baita, baina oraindik ere urrutitik jarraitzen dio indar nagusiari. Azkenik, hirugarren formazio bat ere izango da Usurbilgo Udalean, PSE-EEk aurreko legealdian zuen eserlekuari eutsi baitio oraingoan ere.
Botuei dagokienez, EH Bilduk 1.714 bozka lortu ditu (%57,56); duela lau urte Bilduk 1.530 eta Aralarrak 563 eskuratu zituzten. EAJ-PNVk, berriz, 866 botu (29,08%) izan ditu 2011ko emaitzak hirukoiztuz, orduan 248 lagunek eman baitzioten bozka. Pentsatzekoa da Hamaikabatek lortu zituen 506 botuetako asko eskuratuko zituztela jeltzaleek. PSE-EEk, azkenik, 234 botu lortu ditu, duela lau urte baino 17 gehiago eta zinegotzi bat izaten jarraituko du. PPek oraingo honetan ere ez du errepresentaziorik izango.
Parte-hartzea zertxobait jaitsi da 2011koarekin alderatuta. Orduan abstentzioa %31,94koa izan zen; oraingoan %35,43ra iritsi da.
Emaitzen arabera, honakoa izango da, udalaren osaketa: EHBilduren aldetik hauexek dira zinego-tziak: Xabier Arregi, Alaitz Aizpurua, Xuban Zubiria, Juana Urdanpilleta, Iñaki Ugarte, Irene Mª Concepción García, Miren Josune Estella eta Jose Mari Iribar. EAJ-PNVren aldetik, Miren Josune Urkola, Mirari Azurmendi, Andoni Atxega eta Carlos Pérez. PSE-EEren zinegotzia Fermín Orue-Echevarria izango da.