Kilometroak 2015eko bideoklipak herriaren nortasuna du oinarrian
60 herritar inguruk parte hartu dute haurrak eta buruhandiak protagonista dituen bideoklip honetan
JOSU ARANBERRI
Jueves, 23 de abril 2015, 00:22
Udarregi ikastola antolatzen ari den 2015eko Kilometroak jaiak badu dagoeneko bideoklipa. Herriko hainbat bideogileren artean osatu dute eta dozenaka herritar aktore lanetan aritu ostean, atzo aurkeztu zuten ikastolako irudikatutako iratxo-buruhandiak eta herritar guztiok batzen gaituen soka, euskara alegia, protagonista duen bideoklipa.
Ekoizpen honen lantaldearen esanetan bideoklipak Usurbilen nortasuna du oinarrian: herriaren aurkezpena izaten saiatu dira. «Herri honekin lotura estua duen txalapartarekin ireki dugu bideoa. Txalapartariek basoko izpirituei dei egiten diete, eta hauek buruhandi-iratxo modura agertzen dira. Pixkanaka, iratxo hauek menditik herrira jaitsiko dira, bidean topatzen dituzten hainbat lanbidetako langileak ahotik ateratako sokaz bilduz. Noski, soka honek gure hizkuntzaren metafora izan nahi du, euskarak lotzen gaituela irudikatzeko. Iratxoak herriko plazara iristean, langile guztiak lotzen dituzten sokak elkartu eta denak batera lanean jarriko dituzte. Izan ere, euskararekin, denok batera (h)ari gattunk».Bideoklipa ekoiztu duten lagunetako bik, Joseba Larratxek eta Juan Luis Izetak, atzoko aurkezpenean adierazi zutenez, ezertan hasi aurretik, Jakoba Errekondorekin bildu zen bideoklipeko lantaldea, hark osatu baitzituen 'Lotzen Gattunk' abestiaren hitzak: «Hainbat bilera egin genituen, ideia zaparrada sutsuak eginez. Gero, ideia horiek guztiak bideoklipera ekarri behar genituen, bukaerako emaitza Udarregi Ikastolaren eta Usurbilen isla izan zedin. Parekidetasuna, jasangarritasuna eta inklusibitatea, noski, bideokliparen parte dira».
Hala, bideoklipeko lantaldeak bi lan-ildo nagusi erabaki zituzten: batetik, kantari jarraikiz, soka bat izango zela bideokliparen elementu nagusia, eta, bestetik, haurrak izango zirela protagonista. «Haurrak, ikastolako ikasleak, iratxo gisa irudikatu genituen; haiek dira ikastolaren oraina eta Usurbilen etorkizuna. Usurbilgo haurrek afiziotzat dituzte buruhandiak, eta horrela sortu genituen iratxo-buruhandiak. Soka, berriz, herritar guztiok batzen gaituen soka da, euskara, alegia».
Kilometroak jaia parekideago, jasangarriago eta inklusiboago egiteko lanketa egiten ari da Kilometroak 2015, eta antolaketaren zehar lerro diren hiru adar horiek ere izan ziren bideokliparen aurkezpenean.
Bideokliparen bidez, egunerokotasunean hain barneratuta ditugun eta, ondorioz, arretarik eskaintzen ez diegun hainbat jokabide hautsi eta bistaratu nahi izan dituztela adierazi zuen Parekidetasun alorreko kide den Garazi Lizasok: «genero rol edo joerei lotutako estereotipoak, hain zuzen ere. Horren adibide dira, besteak beste, lantegiko neska behargina, baratzean edota anguletan dabilena. Tradizionalki lan hauek 'gizonezkoen lan' gisa definituak izan dira. Emakumeoi ukatutako espazio eta lehen lerroak berreskuratu nahi izan ditugu, eta, era berean, protagonismo handiagoa eskaini». Lizasok gogorarazi duenez, kantua osatzerakoan ere kontuan izan zen zein hizkera nabarmendu: «Herriko kaleetan horren entzuna dugun hikaren eta horren isil(du)a dugun nokaren aurrean, noka nabarmentzeari eman diogu lehentasuna».
Urriaren 4rako gonbita
Usurbildarrek azaroaren 29an hasitako ibilbidearen errepaso azkarra egin ostean, Eñaut Telleriak, Ikastolen Elkarteko ordezkariak, bideoklipa jendea Kilometroaki lotzeko beste urrats bat izango dela nabarmendu zuen.
Urriaren 4an euskal herritar oro Usurbilera etortzeko gonbita luzatu zuen: «Oso garrantzitsua izaten jarraitzen baitu, urriko lehen igandean Gipuzkoako Ikastolen alde ospatzen dihardugun jai honetara bertaratzea, hari horretara, lehen aldiz, batzuetan, maiz edota beste behin ere, lotzea».