'Nola belztu behar zuria' emanaldia izango da ostiralean Sutegin
Jexux Artze taldeak antolatutako Udaberriko ekitaldien barruko lehen saioa izango da
JOSU ARANBERRI
Miércoles, 22 de abril 2015, 00:08
Jexux Artze Kultur Taldeak antolatuta, kultur ekitaldi desberdinak izango dira ostiraletik aurrera. 2002ko maiatzaren 4an hil zen Jexux Artze herriko txalapartaria eta orduz geroztik sortu zen Jexux Ar-tze Taldea, orain Jexux Artze Kultur Taldea, 2003. urteaz geroztik, maiatza iristearekin batera, urtero-urtero kultur egitarau desberdinak antolatuaz. Aurtengoan, ikuskizun musikal-poetiko batek, film emanaldi batek eta antzerki emanaldi batek osatuko dute egitaraua.
Publicidad
Ostiral honetan, hilaren 24an, 'Nola belztu behar zuria' Joxan Artzeren liburuetan oinarritutako poesia eta musika emanaldia ikusteko aukera izango da Sutegiko auditorioan gaueko 22:00etan hasita.
Joxan Artzek 'Heriotzaren ataria dugu bizitza' eta 'Bizitzaren atea dukegu heriotza' izeneko poesia liburuak kaleratu zituen Elkar argitaletxearen eskutik duela urte eta erdi. Bertako poemak oinarri hartuta poesia eta musika emanaldia sortu zuten Bide Ertzean taldeak eta Metrokoadroka kolektiboko Oier Guillan eta Asier Sarasola deklamatzaileek: zazpi poema kanta bihurtu eta beste hogei inguru errezitatzen dituzte.
Liburuek jorratzen dituzten gaietan barrena osatu dute ibilbidea egileek: maitasuna, bizitza-heriotza, ama-aita, itsu-mutu-gorkeria, olerkaria zuria belzteko tenorean. Artzeren idazkerak dituen ardatzak hartu dituzte aintzat horretarako: musikaltasuna, erritmoa, irudi kateatuak, hitz jokoak, sakontasun lirikoa.
'Nola belztu behar zuria', funtsean, Joxan Artzeren poesiaren mundu zabala ahots eta doinuz jantzi nahi duen emanaldia da. Duela urtebete, Sutegiko auditorioa bete egin zen ikuskizun honen estreinaldian eta entzuleak oso gustura gelditu ziren. Geroztik beste zenbait herritan ere eman da eta harrera oso ona izan du.
Horregatik, emanaldiak izan duen erantzuna ikusita, DVD formatoan argitaratzea pentsatu da. Horretarako emanaldia Sutegin berriro entzuteko aukera izango da filmatzen eta grabatzen den bitartean. Udalaren laguntza beharrezkoa izan dugu guztia aurrera ateratzeko. Ondoren DVDa Elkar enpresak argitaratu eta zabalduko du. Sarrerak Lizardin erosi daitezke aldez aurretik 10 eurotan eta egunean bertan, takilan.
Publicidad
Film emanaldia
'Lasa eta Zabala' pelikula ikusteko aukera ere izango da ekitaldi sorta honetan. Maiatzaren 8an, ostiralean, Sutegiko auditorioan ikusgai izango da 22:00etan hasita. Benetako gertaeretan oinarrituta, GALek bahitu eta erail izan zituen Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren istorioa. «1983ko urria. Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal errefuxiatu gazteak Baionan aztarnarik utzi gabe desagertu dira. Hamabi urte igaroko dira beraien gorpuak identifikatuak izan arte, erailda eta kare biziz ehortzita. Horrela sumario luze bezain okerra hasiko da; Iñigo, senideen abokatua, eta Fede bere laguntzailea, hiltzaileak justiziaren aurrera eramaten saiatuko dira».
Kultur ekimen hauei amaiera emateko, Txalok aurkeztutako 'Erdibana' antzezlana izango da Sutegin maiatzaren 9an, larunbatean, 22:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Iker Galartza eta Joxe Ramon Soroiz dira 'Erdibana' komediako protagonistak. «Ama batek, jada urteetan sartua, enbolia eta gripea ditu, baina hiltzeko oso gogo gutxi. 45 urteko semea du eta gainbehera doan enpresa baten jabea da. Bera zaintzen duen 38 urteko beste seme bat du; egunero bainatzen du, orraztu eta ia-ia baita hil ere. Jehova-ren lekuko batek asteazkenero bisitatzen ditu. Aurrezki-libreta asko dauzka, baina aurreztuta oso diru gutxi. Etxe baten jabe dira, baina nahitaez saldu beharra izango dute eta gauaren erdian, konta ezin diren sekretuak elkarrizketan aterako dira pixkanaka». Sarrerak Lizardin erosi daitezke aldez aurretik 8 eurotan. Egunean bertan, berriz, 10 euro ordaindu beharko dira.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión