Alex Telloren 'Zu Gabe' antzezlana izango da larunbatean Sutegin

Tolosa eta  Arraiza izango dira larunbateko antzezlanean./
Tolosa eta Arraiza izango dira larunbateko antzezlanean.

Kilometroak 2015 egitasmoaren barruan kokatutako ekintza hau arratsaldeko 19:30etan hasiko da

JOSU ARANBERRI

Larunbat honetan, hilaren 11n, Alex Tello usurbildarraren 'Zu gabe' antzerkia izango da ikusgai Sutegi eraikineko auditorioan Kilometroak 2015 ekimenaren baitan, arratsaldeko 19:30ean hasita.

Belaunaldi ezberdinetatik gizartea, familia eta norbanakoari egindako begirada islatzen du antzezlanak. Dramaren xedea, ikuslea hunkitzea baino, gogoetara eramatea da. Zumetaren irudiekin eszenografian, Xabier Lozanoren argiztapen diseinuarekin eta Mikel Laboaren musikarekin aurkeztuko du Alex Tellok helduentzako idatzi eta zuzendutako antzezlana. Aktore lanak Anabel Arraizak eta Inazio Tolosak (Atea teatro) egingo dituzte.

Antzezlan honetan, pertsonaiek partekatzen duten elkarrizketan zehar gatazka asko azalduko dira. Belaunaldi ezberdinetatik gizartea, familia eta norbanakoari egindako begirada ikusiko da, bizitzaz eta heriotzaz hausnarketa egingo dute. Lan honek aktoreei sentimenduz eta egiarekin jokatzen duen antzezpena eskatzen die.

Alex Telloren apustu pertsonala da. Eskarmentua du taularen gainean, bereziki haurrentzako egin du lan orain artean; adibidez, Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoen hainbat ikuskizunetan jarduten du, gaur egun Goenkale-ko telesailean ere ari bada ere. 'Zu gabe' lanarekin, baina, taularen atzeko aldera egin du salto, orain urte batzuk idatzitako antzerkiaren gidoia zuzenduta.

Anabel Arraiza eta Inazio Tolosa aktoreak dira Telloren istorioa kontatzen dutenak, urte askoren ostean berriz ere elkartuko diren bi pertsonaren azalean sartuta. «Istorio gordina da, une batzuetan irribarrea aterako dizun arren; ez dizut esango, baina, negarrik ez duzunik egingo. Gertuko kontakizuna da, ikusleak samur identifikatzen diren horietakoa», azaltzen du Anabel Arraizak.

Zumetaren margolanekin apaindutako eszenografia xumearekin eta Mikel Laboaren musikarekin lagunduta, hiru zatitan banatutako kontakizuna da: «Hogei urteren ostean elkartzen diren unea da lehenengoa; bigarrenean, berriz, denboran atzera egin eta bi pertsonaiak elkarrekin zeuden garaiak ekarriko ditut gogora bakarrizketa formatuan; eta hirugarren zatian, korapiloa askatuko dugu, orduan jakingo dute ikusleek, adibidez, nortzuk diren bi pertsonaiak».

Pasa den martxoaren 14an estreinatu zuten Lasarte-Orian eta bosgarren emanaldia da larunbatean Sutegin egingo dutena. Sarrerak egunean bertan egongo dira salgai, 6 eurotan.

 

Fotos

Vídeos