Espainiako Txapelketa irabazi du Iker Aizpuru igerilari azpeitiarrak

Harrera. Bi igerilariak, familiako eta lagunez inguraturik, udal ordezkariekin batera, udaletxean eskaini zieten harreran. /
Harrera. Bi igerilariak, familiako eta lagunez inguraturik, udal ordezkariekin batera, udaletxean eskaini zieten harreran.

Taldekide izan den Lander Uriarekin batera, omenaldia jaso zuen atzo udaletxean

ELI AIZPURU

Azpeitiko udal ordezkariek harrera egin zieten atzo arratsaldean Izarraitz Igeri Elkarteko Iker Aizpuru eta Lander Uriari. Izan ere, biak ala biak Valladoliden lehiatu dira asteburuan, bertan jokatu baita Igeriketa Egokitutako Espainiako Txapelketa. Emaitza ezin hobeak lortu ditu Iker Aizpuru gazteak. Espainiako txapeldun da azpeitiarra, alebin mailan. 50 metro tximeleta, 50 metro bular, 100 metro libre eta 50 metro bizkar banakako frogetan hartu zuen parte Ikerrek eta horien denboren batura egin ostean, txapelketako onena izan zen, urrezko domina eskuratuz.

Izarraitz Igeri Elkartetik adierazi dutenez, Lander Uria «gaixorik egon zen aurreko egunetan eta, ezin izan zuen bere maila onena eman. Hala ere, bere lana ezinbestekoa izan da Euskadik bigarren postua lor-tzeko taldeko sailkapen orokorrean.

Bi igerilariek, familiako eta lagunez inguraturik, oroigarri bana jaso zuten atzo udaletxean, Eneko Etxeberria alkatearen eta Manuel Unanue Kirol zinegotziaren eskutik. Hauek, egindako lanagatik eta eskuratutako tituluagatik zoriondu zituzten protagonistak.

Junior eta absolutuen maila

Bestalde, Izarraitz Igeri Elkarteko infantil, junior eta absolutu mailako igerilariek Neguko Ligako laugarren jardunaldia izan zuten zapatuan, Azkoitiko igerilekuan. Maider Etxezabal, Naiara Perez, Jon Irigoien, Pablo Etxeberria, Jon Aizpuru, Oihana Goenaga, Aiora Beristain, Eva Astigarraga, Jone Goenaga, Joanes Astigarraga, Nerea Berasategi eta Maialen Sudupe lehiatu ziren. «Entrenamendu asko eta gogorrak egiten ari dira denboraldi sasoi honetan eta, hori dena nabaritu egiten da lehiaketetan. Azkeneko jardunaldian, ez zuten lortu dendora esanguratsurik», esan dute igeri elkartetik.

Asteburu honetan hasiko dira neguko zita garrantzitsuenak, eta lehiaketa horietan ikusi ahalko dira hilabeteetako entrenamenduen emaitzak.

Honela, Oihana Goenaga eta Eva Astigarraga Castellonen jokatuko den infantil eta junior mailako Elkargo Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketan izango dira. Jon Aizpuru ere aukeratua izan da, baina «eskolako azterketak» medio, ez da bertan izango, Izarraitzekoek aurreratu dutenez.