Bi Euskadiko errekor eta hiru marka pertsonal gainditzea lortu dute Goenaga ahizpa igerilariek

Ainhoa eta Oihana Omar Urbieta entrenatzailearekin. /
Ainhoa eta Oihana Omar Urbieta entrenatzailearekin.

Sabadellen lehiatu dira Ainhoa eta Oihana, Espainiako Absolutuen Neguko Txapelketan

Ainhoa eta Oihana Goenaga sentsazio onekin itzuli dira Sabadellen jokatu berri diren Espainiako Absolutuen mailako neguko Igeri Txapelketatik. 638 igerilarik hartu dute parte eta bi azpeitiarrek maila ona erakutsi dute. «Denboraldi hasiera izateko, denbora onak lortu dituzte eta horrek, lanean gogor jarraitzeko indarrak emango dizkie», azaldu dute Izarraitz Igeri Elkartetik.

Bien artean, sei probetan parte hartu dute eta, hiru marka pertsonal eta bi adineko Euskadiko errekor berriak lortu dituzte.

Honela,Oihana Goenaga (Azpeitia, 1999),50 metro libre proban lehiatu da eta 27:14 denborarekin marka pertsonala gainditzeaz gain, 15 urtekoen Euskadiko errekor berria ere ezarri du. Gauza bera egin du 100 metro librean, berea baita 15 urtekoen Euskadiko errekor berria, 58:55 denborarekin.

Azkenik, 400 metro libreko proban, marka pertsonala du jada, 4:23:48 denborarekin. Ainhoa Goenagak (Azpeitia, 1997), 50 metro bizkar proban, 30:78ko denbora egin du, bere markatik oso gertu; 200 metro bizkarren, 2:19:70 denborarekin marka pertsonala hautsi du eta 100 metro bizkar lehian, aldiz, bere markatik oso gertu geratu da, 1:04:71 denborarekin.

Dagoeneko, eguneroko entrenamenduekin hasiak dira hurrengo lehiaketak prestatzeko.

Gabon Kopa

Izarraitz Igeri Elkarteko benjaminek eta alebinek Gabon Kopa saria jokatu zuten zapatuan, Eibarko Ipurua igerilekuan. Denboraldiko bigarren zita ofiziala zuten eta, aldi berean, 2014ko azkena. 31 igerilari joan ziren lehiaketara.

Izarraitzeko gaztetxoek igeri egiteko estilo eta teknika bikainak erakutsi zituzten, beste behin; uretatik kanpo ere, adiskidetasun eta lagunarte jatorrarekin.