Sistema berriarekin %82 birziklatzen da Zestoan

Sistema berriarekin %82 birziklatzen da Zestoan

Iaz %30 baino gutxiago birziklatzen zen

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

«Gure ustez, balorazioak datuekin egin behar dira, bestela ez du zentzurik» , horrela hasi zuen prentsaurrekoa Leire Etxeberria Zestoako alkateak, agian pasa den hilabetean, oraindik esku artean daturik ez zeudenan, EAJ/PNVk egin zuen «balorazioa ezkorra»ri eran-tzunez. Segidan, uztailean hasi zen zabor jasotze sistema berriaren datuak eman aurretik, «herritarrak zoriondu nahi nituzke egin duten aurre-pausoa eta esfortzua eskertzeko» aipatu zituen, «izan ere badakigu ohitura aldaketak kezka eta beldurra sortu ohi dituela, baina jakitun ginen, zestoarrak ezagututa, gauzak ondo egingo zirela eta erronka gainditzeko gai izango ginela», azpimarratu nahi izan zuen. Segidan, bi hilabete hauetako birziklatze tasa aipatu zituen: datuen arabera, %82,26 birziklatzen dugu Zestoan; bilketan zuzenean %74,73, eta horri auto-konposta gehituta, %82,26. Hala ere beti dagoela zer hobetu zioen Etxeberriak, eta herritarren ekarpenei esker lortzen dela hobekuntza hori.

Horrela, datu hauek pixka bat begiratzen jarrita, esan dezakegu ontzi arinen bilketa -plastikoa- bikoiztu egin dela, kartoia ere %36 igo, organikoa zer esanik ez -lehen ez baitzen gaika jasotzen- eta errefusa -lehengo urteko abuztuarekin konparatuz- laurdena jaso dela, hau da, %76 gutxiago sortu dela. Eskualde mailan ere gauzak geroz eta hobeto ari direla egiten esan dezakegu, guztira 700.000 kilo zabor gutxiago bota baita azken 12 hilabeteetan Lapatxeko zabortegian. Hor ze ikusi handia dute Aizarnazabal, Beizama, Bidani-Goiatz Azkoti eta Zestoako birziklatze datu onek.

Garestiago edo merkeagoa

Sistema berri hau, udalaren esanetan, ez da aurrekoa baino garestiagoa izango, baizik eta merkeagoa, jasotzea gehiago kostatzen den arren zabortegira askoz zabor gutxiago botatzen baitugu, eta ondorioz, atal honetan askoz gutxiago ordaindu beharko dugu. Udalaren ikerketaren arabera, birziklatze maila honekin, merkeagoa izango da sistema hau. Azkenik, PNV-k aurreko hilean kaleratu zuen idatziaz galdetuta -non eta honek lehengo sistemara itzultzeko eskatzen zuen- «datuek hitz egin dute, helburua -gutxienez %70 birziklatzea- bete da, orain beraiek esan beharko dute lehengo sistemara itzultzea zentzurik duen», esan zuen Etxeberriak.

Alderdi Eguna

Bihar izango del Alderdi egunerako autobuserako izena eman nahi dutenek 696290821 (Jexux) telefonora deitu dezatela. Autobusa, 9:30etan irtengo da Gurutzetik, eta joaten direnentzat paellada izango a dohain.