Emaitza onak Gipuzkoako Uda Txapelketan

AZPEITIA.

Infantil, Junior eta Absolutuen Gipuzkoako Udako Txapelketa jokatu berri da Tolosako Usabal igerilekuan eta Izarraitz Igeri Elkarteko hamar igerilari -bi mutil eta zortzi neska- lehiatu dira bertan. Honela, Ainhoa Goenagak absolutuan hartu zuen parte, Pablo Etxeberriak eta Oihana Goenagak junior mailan, eta infantiletan, Jon Aizpuruk, Maialen Aizpuruk, Eva Astigarragak, Aiora Beristainek, Jone Goenagak eta Nerea Berasategik. Horrez gainera, Maitane Goenaga alebina gehitu zitzaien, 200 metroko estilo proba egiteko.

Gogor prestatzen ari dira igerilarian eta horren erakusle gisa, oso «maila ona» erakutsi dute Tolosan, prestatzaileen esanetan. Hemendik aurrera, eta datozen txapelketei begira, «entrenamenduen intentsitatea jaitsi egingo dute, eta lehiaketetan gorantz egitea izango da ohikoena».

Emaitzarik aipagarrienak Jon Aizpuruk eta Oihana Goenagak lortu zituzten. Izan ere, Euskadiko errekor berriak ezarri zituzten. Jonek 16 urtekoen errekorra, 50 metro bularren eta 30:47 denborarekin. Oihanak, berriz, 15 urtekoetan, 100 metro estilo librean, 58:71 denborarekin.

Pablo Etxeberriak bi gutxiengo berri lortu zituen, bata 200 metro librean, eta bestea 400 metroko estiloan.

Bestalde, infantiletan, proba bakoitzean, dominak banatu zituzten eta, bederatzi urrezko, lau zilarrezko eta bi brontzezko ekarri zituzten Azpeitira.

Asteburuan, Gasteizen

Asteburuan, Euskal Herriko Udako Txapelketak jokatuko dituzte Gasteizen eta Santurtzin. Infantilak Santurtziko 'El Puerto' Igerilekuan izango dira, eta juniorrak eta absolutuak Gasteizko Mendizorrozako igerilekuan.