Urnieta
Egape Ikastolan kaldereroen konpartsaz gozatu zutenEl Diario Vasco
Urnieta
Asteazkena, 26 otsaila 2025, 20:07
Urtero legez, otsailarekin batera, inauteriak ospatu izan dira Egape Ikastolan. Kaldereroen eguna inauterien aurrekari moduan ospatzen da, inauteri nagusien aurreko asteburuan.
Aurten, kaldereroek Egapera otsailaren 21ean arratsaldez etortzeko asmoa azaldu zuten. Europako erdialdetik abiatu ziren Momo Jainkoaren esanetan hungariar, zingariar eta ijitoak, eta ongi etorri festa antolatu zieten.
Ongi etorrirako, euren jazkerak, kantak, dantzak oso bereziak eta ikusgarriak direnez, irakasle zein ikasleak, Haur Hezkuntzako 3 urtetatik hasi eta LH 6.mailara bitarteko guztiak, kalderero bihurtu ziren eta Egape Ikastolako patioa alaitu zuten. Aurkezle lanetan LH 6. mailako ikasle batzuk aritu izan ziren eta gainerako ikasleek, beraien kantu eta dantza eskaini zuten.
Poz ederrean agurtu zuten Momo jainkoak eta bere lagunek, beste urte batean ere etorriko direla adieraziz.
Bukatzeko, jaialdiari amaiera emateko, Aballarri guraso elkarteak, partehartzaile guztiei eskainitako emanaldia eskertzeko, txokolate beroa eta bizkotxoa banatu zien.