Pausoz pauso, Buruntzaldea oinez ezagutzen
Eskualdeko lau herriek Ibilbideen Eguna ospatu dute igande honetan, inguruko mendi eta landa eremuetan barrena hainbat txango proposatuz
Eskualdeko txokoak ezagutzera emateko xedez, askotariko bidexkaz osatutako mapan barrena ibili dira igande honetan mendizaleak, Buruntzaldeko Ibilbideen XVII. Egunean. Beste urte batez, jarduera honen helburua eskualdeko herrien arteko loturak sustatzea eta ingurune naturala modu osasungarri eta jasangarrian gozatzeko aukera ematea izan da.
Lasarte-Oria, Andoain, Usurbil eta Urnietaren artean zabaltzen diren basoek eta mendixkek iraganaren arnasa gordetzen dute. Buruntzaldean ibiltzea ez da ibilaldi hutsa. Bide bakoitzak istorio bat du: baserrien arteko bide estuek, artasoro zaharrek eta ibaiaren ondotik doazen zidorrek herriaren memoria gordetzen dute. Pausoz pauso, mendian gora edo errekan behera, bidaiariek bere erritmoa aurkitu dute.
Eskualdean barrena proposatutako bost txangoetako bat egitea erabaki dute igande goizean hainbat herritarrek. Lasarte-Oriaren kasuan, goizean goiz, familian, bikoteka edo bakarrik, herritarrak Elizatze plazako kontrol-postutik pasa ziren.
Inguruko paisaiak ezagutu
Ostardar kirol elkarteko Ipar Martxako kideek ere, ohi bezala, parte hartu zuten handik abiatuta. Ekimenaren helburua Buruntzaldeko landa eremu naturala ezagutzea eta jarduera fisikoa sustatzea dira. Lasarte-Oriatik abiatuta, Urnieta edo Usurbil-Aginaga zituzten aukeran partaideek. Halaber, Andoaindik irtenda, Buruntza zeharkatuta edo gailurra egin ondoren, herrira etortzeko aukera ere bazen.
Ariketa fisikoa eginez, eskualdeko paisaia eta txokoak ibilian hobekiago ezagutzeko aukera aparta izaten da urtero Buruntzaldeko udalen kirol zerbitzuek antolatzen duten ibilbideen egun hau. Gorputza mugitu, burua askatu eta naturarekin konektatzeko aukera paregabea.
Uda giroko egun aparta izan zen atzokoa, laino artean, baina euririk gabe. Ibiltarien parte hartzea nabaria izan zen eskualdeetako bideetan barrena. Herriko kontrol-puntuan zeuden bolondresen esanetan, goizeko lehenengo orduetatik nabaritu zen ibiltarien joan-etorria, baina eguerdi partean iritsi zen parte hartzaileen mugimendu handiena.