Udaberriko bertso saioa aparta izan zen Kultur Etxean

Kukukakoak, zonbiez mozorrotuta, hiru bertsolariak inguruan dituztela, oholtzan. / TXINTXARRI
Kukukakoak, zonbiez mozorrotuta, hiru bertsolariak inguruan dituztela, oholtzan. / TXINTXARRI

Izugarri gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek, bai bertsolari baita herriko artistekin ere

TXEMA VALLÉS LASARTE-ORIA.

Joan zen larunbatean, gaueko 22.30ean hasita, azken urteotan herrian ohikoa bilakatu den Udaberriko bertso saioa egin zen Manuel Lekuona kultur etxean. Aurreko edizioetan bizi izan diren saio antologiko batzuk ondo baino hobeto jasoak ditugu oroitzapenen kutxan. Bada, aurtengoa urrezko kutxa horretan gordetzeko modukoa izan da. Dakizuen bezala, herriko hainbat artisten emankizunak punta-puntako bertsolarien lanarekin uztartzea da saio honen gakoa.

Larunbatean musika emanaldi apartak entzun ahal izan ziren, besteak beste, Semblante andaluzeko Asier eta Kikok eskainia, eta Aitor Atxegak oparitutako kanta bikaina. Bixente Beltranek klarinetea jo zuen, Idoia Garzes, azkenaldi honetan han eta hemen saritua izan denak, berak sortutako testua irakurri zuen bitartean. Ez zen Tomas eta Pontxoren txalapartaren soinurik falta izan, Ione Zabala marrazkilariak sortze lanari ekiten zion bitartean. Nicola Iraola gazteak ere, antzezteaz gain, bibolina ederki astindu zuen bertsolariei lagunduz. Bestalde, umorearen presentzia beti dago bermatuta oholtza gainean Intza Alkain eta Bea Egizabal badaude. Eta horrela izan zen, ikusleen barre-algarak behin eta berriro eraginez. Agian, ustekaberik bitxiena Kukukaren eskutik heldu zen, zonbiez bikain jantzita publikoaren artean agertu baitziren, erraustegiaren inguruan hausnarketa piztu nahian. Kukukako gazte-taldekoek, bere aldetik, bi antzerki-lan labur eskaini zituzten, txalo zaparrada handi batekin eskertuak izan zirenak.

Artisten agerraldiak, Maialen Lujanbio, Ane Labaka eta Andoni Egañaren bertsoekin tartekatu ziren. Bertsoen artean, neurri eta doinu desberdin dezente oholtzaratu zituzten bertsolariek, eta oso goi mailako perla batzuk entzun ahal izan ziren. Ez da ahaztu behar, horretan zerikusia ere Maddi Labaka gai-jartzaileak izan zuela, bikain egin baitzion aurre bere lanari.

Beraz, ikuskizun aparta, ahaztezina, bertaratuekoek gozatu ahal izan zutena. Ez dute lan erraza izango Ttakun eta Bertso eskolakoek datorren urtean, aurten ikusi eta entzundakoa hobetu nahi badute.