Hiru mila pertsona ari dira puntu izaten Lasarte-Oriako Euskaraldian

Hamaikako kideak 3.000. partaidea lortutako unean. /  TXEMA
Hamaikako kideak 3.000. partaidea lortutako unean. / TXEMA

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO LASARTE-ORIA.

Lasarte-Oriako hamaikakoa oso aktiboa dela gauza ezaguna da. Atzo arratsaldean, pintxo-potearen garaia aprobetxatuz, kaleak dinamizatuz ibili ziren 3.000. partaidearen bila. Orain dela bi urte, Euskararen 9. Maratoiaren ingurumarian, 'Baietz 40 egun euskaraz!' erronka egin zen gure herrian eta ia 2.000 pertsonek eman zuten izena orduko hartan. Esperientzia hartan jaio ziren gure herrian orain Euskal Herri guztira zabaldu diren ahobizi eta belarriprest rolak.

Euskaraldiak dirauen 11 egun hauetan 200.000 pertsona baino gehiago dira Euskal Herriko 400 herri baino gehiagotan hizkuntza-ohiturei astindu bat ematen ari direnak. Horietatik 3.000 lasarte-oriatarrak dira.

Antolatzaileek jakinarazi dute garrantzitsua dela «norberak hausnarketa txiki bat egitea eta aprobetxatzea Euskaraldiak ematen duen aukera babestu hau, eguneroko hizkuntza-inertziei astindu bat eman eta bestela egitea zailagoak diren ohitura-aldaketak abiatzeko».

Azpimarratzen dute «merezi duela probatzea eta oinarrizkoa dela 11 egunez txapa agerian eramatea, aurreiritziak atzean uzten eta aldaketa egiten laguntzen duelako».

Ahobizien kasuan, aukera paregabea da elkarrizketa elebidunak probatzeko, euskaraz ulertu bai, baina gaztelaniaz diharduen belarriprestarekin euskaraz jarraitzeko, belarriprestak berak egiten dion gonbidapenari jarraituz. Aldi berean, garrantzitsua da, belarriprestak hala behar badu, behintzat, polikiago eta lasaiago hitz egiteko ariketa ere egitea. Belarripresten kasuan, berriz, eragingarria da oso ahobiziei euskaraz egin diezaiela gogoraraztea, horrek ahobizien ohitura-aldaketa ere asko errazten duelako. Eta guztien kasuan, gomendatzen dute interesgarria dela esperientziari buruz hitz egitea eta nola doan ingurukoekin partekatzea.

Emaitzak aurrerago emango badituzte ere, antolatzaileak «pozik» azaldu dira egitasmoak hartu duen indarrarekin.

 

Fotos

Vídeos