Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Pailazo taldea 87an Zumaburuko plazan, eta ondoan, gaur egun leku berean. TXEMA
Herrian hogeita hamar urte irriak margotzen Olentzeroren ongi etorrian

Herrian hogeita hamar urte irriak margotzen Olentzeroren ongi etorrian

Takolok, Pirrutxek eta Porrotxek 1987an hartu zuten parte lehen aldiz Olentzeroren jaialdian

TXEMA VALLÉS

LASARTE-ORIA.

Domingo, 24 de diciembre 2017, 01:22

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Gaur, igandea, Olentzerori berriro ere ongi etorria egingo diogun egunean, atzera bidaia egin nahi izan dugu oroitzapenetan barrena. Kutxa zahar batean orain dela hogeita hamar urte, 1987ko abenduaren 24an, kronika honetan bertan argitaratu genuen Takolo, Pirrutx, Porrotx eta Xixukoren argazki hau aurkitu dugu. Zumaburuko plazan atera genien, lehen aldiz Olentzerori ongi etorria egiteko gure herriko pailazoak pailazoz jantzi zirenenean. Geroztik, gaur arte modu batean zein bestean, urtero-urtero hutsik egin gabe, Michelingo pilotalekuan, Manuel Lekuona kultur etxean, edo Okendo plazan Olentzeroren ondoan izan dira Xixukorekin ta Mari Domingirekin batera, gure herriko haurtxoen ezpainetan irribarreak margotzen urteko egun seinalatu honetan.

Aurten, urte hartako protagonis- ta berak elkartu nahi izan ditugu kronika honetan, leku berean, egoera berean, orduan Olentzerok guregana iristeko zazpigarren pisutik jaisteko erabili zuen soka berarekin, argazki beretsua ateratzeko. Pertsonaia batzuk aldatu egin dira, beste batzuk, Olentzero barne, ez. Baina ilusioak, eta euskara ardatz duen jaiak Lasarte-Oriako haurtxoen barruko suak txinpartez blaitzeko gogoak bere-berean dirau. Ez du etenik izan hogeita hamar urteetan.

Eta gaur ere ez du etenik izango. Gurekin izango ditugu. Haurrekin, gurasoekin, guztiekin izango dira, lehenik herriko kaleetan zehar, eta nola ez, ondoren Okendo plazan, fantasiari mugarik gabeko lekua eginez, gau honetako amets guztiei ateak irekiz. Jarraian, Mari Domingi, Xixukok eta Olentzerok, banan-banan nahi duten guztiei egingo diete harrera, euren eskutitzak jasoz, musu bat, besarkada bat, elkarrekin argazki bat eskainiz.

Esan bezala, euri asko egin du bi argazkien artean, eguzkiak milaka eta milaka bider egin digu bisita. Orduko haurrak gaurko gurasoak dira, eta orduko gurasoak gaur egungo aiton-amonak. Baina nork imajina zezakeen orduan Olentzeroren inguruan elkartutako pailazo talde hori (orduan, talde izaera ere ez zuena) Euskal Herri osoan erreferente nagusi izatera iritsiko zenik? Aurtengo argazkian Marimotots, Pirritx, Porrotx eta Takolori bizia eman eta ematen dieten hezur-haragizko pertsonak ageri dira, besteak beste. Ez dute orduz geroztik atsedenik hartu, ez gabonetan ez eta urte osoan zehar ere, eta ez da bazterrik geratuko Euskal Herri osoan zehar noiz edo noiz euren bisita jaso ez duenik. Ez da sukalderik izango herri txiki zein hiri handitan euren kantarik entzun, marrazkirik margotu, ipuinik irakurri edo bideorik ikusi ez duenik. Argazki hori atera zuen herriko kronista xume honek ere ez zekien orduan nortzuei ari zitzaien argazkia ateratzen, baina harro dago gaur egun, egun hartan, leku hartan kamera zahar harekin egon izateaz.

Eta gaur ez dugu hutsik egingo, ez du Lasarte-Oriak hutsik egingo Olentzeroren karrozak Loidi-Barrendik abiatzean, ez herriko kaleetan zehar, eta ezta ere Okendo Plazan. Gure herriko Pailazo taldeari eskerrak emango dizkiogu aurten ere Gabonetan gure ilusioen suari egurra botatzen jarraitzeagatik. Txokolatezko musuak!!!

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios